"Jendearekin elkartzea eta normaltasunera itzultzea da gehien motibatzen gaituena"
Ia lau hilabete pasa dira alarma egoera ezarri eta Mojo Workin jaialdia bertan behera gelditu zenetik, eta kalte ekonomiko eta pertsonal handiak sortu zizkien horrek jaialdiari eta Arkaitz Kortabitarte 'Punko'antolatzaileari. Horregatik, jaialdiaren aldeko Kutxa Kultur Gaua egingo dute ostiralean Tabakaleran.

Hiru hilabete eta erdi pasa dira Mojo Workin jaialdia bertan behera gelditu zenetik. Zein egoeratan zaudete une honetan?
Azken aldiz hitz egin genuenean baino hobeto gaude [IRUTXULOKO HITZA-k Kortabitarte elkarrizketatu zuen jaialdia bertan behera gelditu eta hurrengo astean, martxoaren 20an]. Jende askok sarreren diruari uko egin dio, eta, gainera, badirudi diru laguntza publikoa azkenean emango digutela. Azken hori ez dut oso ozen esan nahi, baina bide onean doala dirudi. Beraz, bi gauza horiei esker, beste era batera ikusten duzu dena.
Hala ere, kontrako sentimenduak ditugu. Alde batetik ikuspegi artistikotik triste gaude, dena pikutara joan zelako eta ezjakintasun handia dagoelako etorkizunean kultur arloan egin ahal izango denaren inguruan; ez soilik gure jaialdiari dagokionez, baizik eta zuzeneko musikari dagokionez, orokorrean. Beraz, alde horretatik kezkatuta gaude, baina ikuspegi ekonomikotik hobeto gaude.
Konfinamenduan zehar jaialdiko hainbat kontzertu eskaini dituzue Facebooken zuzenekoen bidez. Horri esker jaialdiak babes gehiago izan duela edo material gehiago saldu dela nabaritu duzue?
Internet bidez material gehiago saldu dugu, baina ez da agortu, ezta gutxiago ere. Jaialdian bertan saltzen dena aurten Internet bidez saldu dugu; hau da, jaialdian kamiseta bat edo beste zerbait erosteko asmoa zuenak, webgunean erosi du.
Facebookeko zuzenekoei dagokienez, horri esker ezagutu gaituen jendea izan da, eta donazioren bat ere egin dute. Hala ere, ezin da esan sekulako arrakasta izan dutenik. Izan ere, konfinamenduan zuzeneko emanaldien saturazioa izan da, beraz, jendeak oso kultur eskaintza zabala zuen. Behintzat jaialdian ezagutzen dugun jendearengandik gertu egoteko modu bat izan dira zuzeneko horiek.
Garrantzitsua da zuentzat ostiraleko Kutxa Kultur Gaua?
Eztabaidak izan ditugu gure artean, ez pentsa. Izan ere, ezarrita dauden murrizketa guztiekin –edukiera mugatua, ikusleen arteko metro eta erdiko distantzia, denak eserita egon beharra, kontsumizioak Whatsapp bidez eskatu beharra, eta abar–, zalantza izan genuen zerbait antolatzeak merezi ote zuen. Alde batetik, jarduerak antolatzeko gogoak dituzu, baina, bestetik, ez.
Kutxa Kulturekoek, ordea, esan ziguten beraiek arduratuko zirela antolakuntza guztiaz, guk soilik nahi genituen bi taldeak esan behar genizkiela. Horrenbeste erraztasun ematen zizkigutenez, ezin genuen ezetzik esan. Gainera, etorkizunean zerbait antolatu nahi izanez gero, agian hau izango da modua, beraz, proba moduan ere balio du.
Jaialdiaren hurbileko jendea ikusteko modu bat ere bada, ezta?
Jendearekin elkartzeko ekitaldi baten moduan hartzen dugu. Hasieran hiru eurotan jarri zituzten sarrerak, eta nahiz eta kontzertuak egiteko erabakia hartuta genuen, pentsatu genuen diru asko ere ez genuela jasoko. Azkenean, jaialdiaren aldeko egitasmo bat denez, hamabost eurotan jarri zituzten. Horrela, 1.000 eurotik gora jasoko ditugu. Oso ondo datorkigu diru hori, baina une honetan ez da gure motibaziorik handiena; jendearekin elkartzea eta normaltasunera itzultzea da gehien motibatzen gaituena, hein batean bada ere. Izan ere, segurtasun neurriak hartu behar dira, baina ez bagara aisialdira pixka bat itzultzen, erotu egingo gara.
Gainera, Mojo Workin-aren konfiantzazko bi taldek joko dute: Big Bob Railroad eta Mojo Hand taldeek, hain justu.
Bai. Biek jaialdian jo dute eta Big Bob Railroadek aurten berriz jo behar zuen, igandean. Kontzertu hauek antolatzeko proposamena egin zigutenean, oraindik debekatuta zegoen probintzia batetik bestera joatea, eta esan ziguten taldeek gipuzkoarrak izan behar zutela. Ez genuen zalantzarik izan bi hauek hautatzerakoan.
Horrekin ikusten duzu zein zaila den edozein kontzertu antolatzea, ez dakizulako beste probintziaren bateko taldeak ekarri ahal izango dituzun. Izan ere, agian Nafarroako talde bat kontratatzen duzu, baina, halako batean, han zero fasera itzultzen dira, eta dena bertan behera utzi behar duzu. Horregatik, uste dut kultura normaltasunera itzultzeko denbora asko falta dela.
Jaialdia bertan behera gelditu zenean egindako elkarrizketan esan zenidan ez zela Mojo Workin gehiagorik izango. Gauza bera pentsatzen jarraitzen duzu?
Gauza bera pentsatzen jarraitzen dugu, bai. Batzuek galdetzen digute datorren urtean Mojo Workin-a izango den, baina zuk ez badakizu datorren urteko oporretan Andaluziara joan ahal izan duzun, nola galdetzen didazu niri jaialdi bat antolatuko dudan, Chicagotik, Detroitik eta bestelako lekuetatik 70 urtetik gorako jendea ekarrita? Ezjakintasun horren aurrean, ezin dugu ezer antolatu. Ez dugu alde batera uzten egunen batean kontzertu puntualen bat antolatzea; baina asteburu osoko egitarau batean sartzea ez dugu aukera gisa ikusten, aurten gertatutakoa infernu bat izan delako guretzat.
Izan ere, gu ez gara ekitaldiak antolatzetik bizi, Mojo Workina zaletasun moduan antolatzen genuen, musika mota hori maite dugulako. Ez dut pentsatu nahi zein egoeratan egongo diren ekitaldiak antolatzetik bizi diren pertsonak.
Zer esango zenioke jendeari ostiraleko kontzertuetara joatera animatzeko?
Bluesa gustuko duen jendeari gustatuko zaio, bi blues mota izango baititugu: Chicagoko estiloa Mojo Hand taldearekin eta landa estiloko bluesa Big Bob Railroad bikotearekin. Azken hauek, gainera, pertsonalki oso gustuko ditut, gaur egungo blues taldeetan ikusteko zaila den izaera baitute; blues talde askok gauza bera egiten dute, baina Big Bob Railroad taldeak estilo propioa du.
Bestalde, guretzat jendearekin elkartzeko modu bat izango da, nahiz eta distantziak mantendu beharko ditugun. Zuzeneko musikarekin gozatu ahal izango dugu behintzat, horretarako gogoz baikaude.