Tabakalerako Arteguneak Instagrameko argazki lehiaketa bat abiatu du

Nestor Basterretxea artista oinarri duen erakusketa ikusgai dago Tabakalerako Artegunean: Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez. Diseinuaren formen inguruan artistak egindako lana jasotzen du erakusketak, eta hori oinarri hartuta Instagrameko argazki lehiaketa bat antolatu dute. Argazkiak bidaltzeko epea hilaren 6tik 19ra bitartekoa da, eta hemen topa daitezke lehiaketaren oinarriak. Bi argazki onenek erakusketaren katalogoa eskuratuko dute.
60ko hamarkadaren erdialdean, Basterretxeak altzari modernoak diseinatzeko Biok enpresa sortu zuen Irunen. “Aztergai zeukan produktuaren argazkiak lanpara eta altzariekin hartualdiak eta argiztapenak hobetzeko aukera eman zion, eta aurkikuntza horiek eskulturara eta erretratuetara eraman zituen”, dio aretoak bidalitako oharrak. Peio Agirre da erakusketaren komisarioa, eta ekarpen berri bat egin du artistaren argazkiak eta film lanak lehen aldiz ezagutzera emanez.
Urriaren 12ra bitarte bisitatu daiteke erakusketa; asteartetik igandera, 12:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara.