Don Herbert artista omenduko du Koldo Mitxelenak
COVID-19aren pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, Koldo Mitxelena Kulturuneko (KMK) lehenengo erakusketa inauguratu dute: Don Herberten eskutik. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gordailua elkarlanean aritu dira erakusketa osatzen duten 200 litografiak biltzeko; besteak beste, 1989 eta 2013 urteen artean tailerrak egin zituzten ikasleen 90 ariketa, 559 litografiaren hautaketa bat eta KMKren funts propioetatik hautatutako bi artista-liburu, Don Herbertek berak estanpatutakoak: Desolé (2001), Edu Lopez artistaren 16 litografiarekin; eta El artista Desnudo (2005). Liburu horrek Bernardo Atxagaren testu bat eta 22 litografia ditu, 22 euskal artistak estanpatuta. Koldo Mitxelenako omenaldia osatzeko, Altxerri galeriak Don Herbert “I follow my own path” erakusketa piktorikoa antolatu du.
Harkaitz Millan Gipuzkoako Kultura diputatua pozik agertu da omenaldi bikoitzarekin: “Bi erakusketek omenaldia egiten diote Herberten figurari, artista gisa; aukera paregabea da Donen begirada eta artearen munduari egindako ekarpena modu integralean ezagutzeko”. Erakusketako litografiak Gordailuaren funtsetatik atera dituzte, izan ere, 2011ko azaroko uholdeetan Artelekutik berreskuratutako obrak katalogatzen eta kontserbatzen ari dira Gordailuan.
Ibilbide luze zein oparoa
Don Herbert (Detroit, AEB, 1942) aurtengo otsailean zendu zen, eta izatez estatubatuarra bazen ere, bere ibilbide luzean zehar oso lotura estua izan zuen Donostiarekin. Izan ere, 27 urtez Donostiako Arteleku litografia estudioko arduraduna izan zen: Artelekuko litografia ikastaroak zuzendu zituen 1987tik (zentroa sortu zutenetik) 2014ra arte. Lehenengo urteetan Madrilen bizi zen, baina 1991n Trintxerpera joan zen, eta gero Loiolara, Artelekutik hurbil egoteko.
Ez zion inoiz litografia klaseak emateari utzi, eta gaur egun izen handia duten hainbat artista bere ikasleak izan ziren, hala nola, Jose Luis Zumeta, Marta Cardenas, Juan Luis Goenaga, Koldobika Jauregi eta Dora Salazar. 2011ko uholdeek kalte handiak eragin zituzten Artelekun, Herberten estudioa eta han zeuden 500 bat litografia erabat hondatuz. Artistaren arabera, 25.000 eurotik gorako balioa zuten litografia haiek.
Artelekuk izandako aldaketekin oso kritikoa izan zen Herbert, gero eta arte plastiko gutxiago jorratzen zituztela salatzen baitzuen. 2014an bukatu zen estatubatuarraren eta Artelekuren arteko harremana, zentroa Txomiñenetik Parte Zaharreko Santa Teresa komentura eraman zutenean. Era berean, litografia estudioa Debara eraman zuten, eta artista minduta agertu zen erabaki horrekin, arduradunek ez ziotelako deitu ere egin.