Ikastetxeari agurra
Eta azkenean pasa dira Luberrin emandako sei urteak! Egia esan, ez dirudi sei urte egon garenik bertan… Izan ere, lagun berri asko ezagutu ditugu, kuadrilla osatu dugu, hainbat irakasle onekin izan ditugu eskolak… Ikastetxera goizero-goizero 6:45ean esnatuta joatea ez zen inoren gustukoa, baina, pentsatzen jarrita, oso momentu onak pasa ditugu Luberrin, pasadizo barregarriz beteak: irakasleei eginiko txantxak, zigorren bat edo beste, kaleraketak… orain, ikastetxeko ibilbidea bukatzean, barrez gogoratzen ditugu guztiok.
Luberrik betidanik izan du Donostia eta Gipuzkoa mailan ikastetxe zorrotza izatearen ospea, eta horrekin batera Selektibitateari begira bere ikasleak oso ongi prestatzearena ere. Nire esperientzian oinarrituz, esan dezaket ez zaidala hainbesterako iruditu. Egia da DBHko 3. maila zaila izan zela, baina 3. maila eskola guztietan da mailarik gogorrena edo gogorrenetarikoa. Gainera, uztailean USE proba egitekoa naiz eta, nire ustez, ondo prestatu naute proba horretan nota ona ateratzeko.
Eta txango eta bidaia horiek… 1. DBHn Ekaingo kobazuloetara joan ginen, 2. DBHn Lizarrara -ederra egin genuen han!-, 3. eta 4. DBHn Txuri Urdin izotz jauregira, eta, DBH amaitzean, Saloura: Port Aventura, raftinga, Humor Amarillo, Bartzelona… Batxilergoko lehen mailan, berriz, Alemaniara joan ginen ingeleseko proiektuko ikasleak, hegazkinez, astebeterako Neumunsterreko ikasleekin trukaketa egitera. Eta 2. mailan Londresera joan ginen, berriro ere hegazkinez, lau egun pasatzera. Oso esperientzia ona izan zen! Gainera, Elorrioko Eroski ere bisitatu genuen 2020ko otsailean Enpresaren Ekonomia ikasgaia egin dugun ikasleok, enpresa baten biltegiak nola funtzionatzen duen ikasi ondoren, praktikan ikusteko.
Pena handia da 2. mailako ikasketa bidaia koronabirusarengatik bertan behera geratu izana… Izan ere, Berna, Munich, Amsterdam eta Brujasera joatekoak ginen. Ahal denean joango gara hain bidaia polita egitera!
Amaitzeko, esango nuke Luberrik ongi jakin izan duela lan telematikoa egiten, bizi izandako konfinamendu garai arraro honetan: Meet bidezko saioak antolatuz, Classroom bidez lanak bidaliz, eta horiek zuzenduta itzuliz… Azken batean, momentu txar gutxi batzuk izan ezik (azterketen astea, adibidez), gauza onak eman dizkit Antigua-Luberrik, batik bat, lagunak.
Leire Calatayud Iraeta, Antigua-Luberri BHI Batxilergoko 2Dko ikaslea