Nolakoa izan da pandemiak iraun bitartean ikastea eta selektibitatea prestatzea?
Uztailaren 6an, 7an eta 8an hautaproba pasa beharko dute milaka ikasle donostiarrek. Pandemiak sortutako egoera dela eta, aurtengo azterketa egokitu dute, eta galderak aukeratu ahal izango dituzte. Erraztasunak erraztasun, selektibitatea egingo duten sei gaztek euren hausnarketak partekatu dituzte, pandemian ikasteaz, azterketaz, eta ikasi nahi dutenaz.
“Datorren urtean Matematika ikasi nahi dut”
Izaro San Sebastian (Antigua Luberri BHI)
Pandemian ez dugu ikasi eskolara joan izan bagina bezala. Azken batean, ez baititugu klaseak aurrez aurre izan, eta Interneten jartzen zigutenarekin, guk gure kabuz ikasi behar genuen apur bat. Zentzu horretan, egokitu behar izan dugu. Hala ere, ondo moldatu naizela uste dut. Selektibitateari dagokionez, etxetik prestatzeak hasieran urduri jarri ninduen, baina dagoeneko aurrez aurreko eskolak izan ditugu eta horri esker lasaiago nago. Dena den, neure burua prest ikusten badut ere, apur bat urduri sentitzen naiz oraindik ere. Nire kasuan, irakasgai nagusiez gain —euskara, gaztelania, ingelesa, Espainiako historia eta matematika—, fisika egingo dut. Bai fisikak bai matematikak karreran sartzeko balio didate. Izan ere, datorren urtean Matematika ikasi nahi dut, Bilbon. Zalantza izan nuen ingeniaritzaren bat ikasi ala matematika , baina azken hau gehiago gustatzen zaidala uste dut.
“Ikasle moduan, konturatu naiz hobe dela aurrez aurreko eskolak izatea”
Julen Cáceres (Usandizaga BHI)
Ikasle moduan, konturatu naiz hobe dela aurrez aurreko eskolak izatea eta irakaslea gelan egotea. Azken batean, informazioa askoz hobeto ulertzen da. Gainera, etxeko lanak egin eta ikasketak aurrera ateratzeko, ohiturak eta formak egokitu izan behar ditut. Izan ere, hainbat irakaslek lanak orduz kanpo bidali dizkigute, eta horrek, askotan, lehen goizean egiten genuen lana arratsaldetan egitera behartzen gintuen. Selektibitateari dagokionez, ikasle guztiak bezala, urduri nago. Baina, era berean, itxialdia dela eta eman dizkiguten erraztasunek eta azalpen guztiek seguruago sentitzen laguntzen didate. Gainera, ikusi dut azterketa garrantzitsua izanda ere, dena ondo kontzentratuz gero, ez dela uste bezain zaila. Nire kasuan, irakasgai nagusiez gain —euskara, gaztelania, ingelesa, Espainiako historia eta gizarte zientzietako matematika—, ekonomia egingo dut. Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikastea gustatuko litzaidake, printzipioz, Donostian. Nire lehen aukera Euskal Herriko Unibertsitatea zen. Hala ere, Deustuko Unibertsitateak eskaintzen duen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta International Management Skills gradua ere gustatzen zait, betidanik hizkuntzak eta kulturak gogoko izan baititut. Orain, lortutako noten arabera ikusi beharko dut zer egin.
“Selektibitateak beti estresa sortzen badu, pandemia egoera batean prestatu behar izateak zer esanik ez”
Karla Basurto (La Salle Donostia)
Gora behera asko izan ditut aurten. Hasiera batean pentsatzen nuen nahiko lasaia izango zela. Baina online eskolak hasi zirenean, larritzen hasi nintzen. Egia da, zorionez, baliabideak baditudala eta Interneten sartzeko arazorik ez dudala, nire hainbat ikaskidek ez bezala. Bestalde, selektibitateak beti estresa sortzen badu, pandemia egoera batean prestatu behar izateak zer esanik ez. Niri gauzak ondo prestatzea gustatzen zait, eta aurrez aurreko eskolak izan bagenitu lasaiago sentituko nintzateke, modu honetan sentsazioa bainuen denbora ez genuela guztiz ondo aprobetxatzen. Hala ere, eskolak dena oso ondo planifikatu duela uste dut. Selektibitateari lotuta, beldur apur bat daukat. Egia da erraztasunak jarri dizkigutela, zein galdera egin erabaki dezakegulako. Baina nire ustez, izandako zailtasunak kontuan hartuta, ez da guztiz proportzionala. Egoera guztiarekin haserre nago. Badakit jende askok askotariko arazoak izan dituela, baina guri hau tokatu zaigu, eta hori ere ez da justua, etorkizuna baldintzatzen digulako. Nire kasuan, oraindik ez dut argi zer ikasi nahi dudan. Medikuntza Bilbon egitea da nire lehen aukera. Biokimika egitea pentsatu dut, baina aukera hori baztertuagoa daukat. Bartzelonan Genetika ikastea ere otu zait. Baina argi daukat Donostiatik kanpo ikasi nahi dudala.
“Nire gurasoak irakasleak dira; beraz, pandemia egoeran ikastea niretzat ez da hain zaila izan”
Paulo Lizeaga (Zurriola Ikastola)
Nire gurasoak irakasleak dira; beraz, pandemia egoeran ikastea niretzat ez da hain zaila izan, laguntza gehigarri hori izan dudalako. Hala ere, nire ustez, ikastolak emandako laguntza ez da egokiena izan, batik bat gaiak ulertzeari lotutakoak. Alegia, hasiera batean eskolak izango genituela esan ziguten, online baziren ere, baina ondoren eskolak puntualak izan dira. Interneten gauza asko bilatuz moldatu behar izan dugu. Ulertzen dut irakasleentzat ere ez dela erraza izan, baina uste dut gauzak hobeto egin zitezkeela. Edozein kasutan, uste dut aurten selektibitatea prestatzea zaila izan dela oro har. Beste ikasturteetako ikasleekin erkatuz, presio gehigarri hau dugula kontuan izanda, ziurrenik konplexuagoa izan da guretzat. Hala ere, ni ondo sentitzen naiz, prest. Izan ere, momentuz ez dut zailtasunik izan selektibitatea prestatzeko, nire gurasoekin eskolak eman ditudalako. Zortea izan dut, zentzu horretan. Gainera, nota lortzeko presiorik ez dut, eta irakasgai nagusiak besterik ez ditut egingo. Datorren urtean informatikako goi mailako zikloa egin nahi dut AEGn, Donostian, argi bainuen informatikari lotutako zerbait ikasi nahi nuela. Uste dut goi mailako graduak hobeto prestatuko nauela ondoren karrera egiteko.
“Selektibitatea iristea nahi dut, lehenbailehen pasa dadin”
Irati Alkezar (Antigua Luberri BHI)
Itxialdi egoeran selektibitatea prestatzea estresagarria izan zen hasieran. Izan ere, ez genekien zer pasatuko zen honekin. Honen etorkizuna zein zen eta irizpideak apur bat erraztuko dituztela jakitea lagungarria izan da. Hautazko errefortzu klaseak izan ditugu, urtero bezala. Alegia, behar gehien genuen ikasgaietara joan gintezkeen eta beste guztia etxean egin. Edozein kasutan, horrek egoera erraztu badu ere, estresa ez da desagertu. Gainera, irailetik daramagu hau prestatzen eta oso luzea izaten ari da. Azken batean, atzeratu egin dute. Selektibitatea iristea nahi dut, lehenbailehen pasa dadin. Materia gutxienez kontrolpean dut, nahiz eta agian erantzun konkretu batzuk hobeto prestatzea falta zaidan. Nire kasuan, nota alturik behar ez dudanez, irakasgai nagusiak egingo ditut soilik, alegia, euskara, gaztelania, ingelesa, Espainiako historia eta gizarte zientzietako matematika. Euskal Filologia ikasi nahi dut, Gasteizen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hasiera batean ez nuen argi zer egin nahi nuen, baina Batxilergoko bigarren maila hasieran gutxi gorabehera erabaki nuen hau gustuko nuela Zaila bada ere, etorkizunean, nire lanak liburu eta argitaletxeekin lotura izatea gustatuko litzaidake. Hala ere, irakaskuntza ere ez zait aukera txarra iruditzen.
“Selektibitateari dagokionez, beldurra eta ezjakintasuna sentitzen ditut”
Ander Buj (Axular Lizeoa)
Gogorra izan da pandemia egoeran, itxialdian, etxetik atera gabe selektibitatea prestatzea. Eta are gehiago kontuan izanda egoera guzti honengatik ia hilabete atzeratu dela hautaproba. Eguraldi ona hasi da, gainontzeko ikasleek oporrak hartu dituzte, eta guk, aldiz, ikasten eta unibertsitateetan pentsatzen jarraitu behar dugu. Nire ustez, luzeegia ere izan da. Bestalde, itxialdian ikasteko modua ez da aldatu, baina denbora kudeatzeko forma eta antolakuntza, bai. Etxean geratuta, noiz ikasi, noiz deskantsatu, eta bakoitzari eskainitako denbora egokitzen ikasi behar duzu. Selektibitateari dagokionez, beldurra eta ezjakintasuna sentitzen ditut. Nolabait ezezaguna da, urtero egiten den hautaproba bada ere, aurtengoa desberdina da. Atzeratu denez, nekea ere handiagoa da, bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat ere, eta bukatzeko gogoekin gaude denak. Hala ere, ondo prestatuta bagoaz, uste dut ondo egin daitekeela. Gainera, nik sentitzen dut azterketarako prest nagoela. Bost irakasgai nagusiez gain, kimika eta biologia egingo ditut. Medikuntza ikasi nahi dut datorren urtean, eta Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatean, sartzea da nire intentzioa. Karrera hori ez den beste ezer egitea ez dut pentsatu. Niretzat bokaziozkoa da.