Jai Alai, lehen frontoi modernoa
1887ko uztailaren 3an ireki zuten, Ategorrieta hiribidean, egun Jesuitak eskola dagoen tokian, gutxi gora behera. Frontoi irekia bazen ere, eserleku estaliak zituen hiriko lehen frontoia izan zen, eta 2.300 ikusle hartu zitzakeen.
XIX. mendean, Lucio Gonzalez enpresari donostiarrak lursail batzuk erosi zizkion Fidel Mujikari, Nafarroako etorbidearen eta Ategorrietako hiribidearen artean zeudenak. Lur eremu horretan lehen frontoi modernoa eraikitzea erabaki zuen Gonzalezek, eta Pedro Ezeiza arkitektoari egin zion enkargua. Sei hilabete beranduago, 1887ko uztailaren 3an, Jai Alai Frontoiak ateak zabaldu zituen.
Frontoiaren eraikuntzarako Igeldoko harearri harlandua erabili zuten batik bat. Jokalekuan, ezkerreko paretak 67 metroko zabalera zuen eta frontisak 16 metrokoa. Biek 11,50 metroko altuera zuten. Dena den, jokalekuak baino gehiago, eserlekuek zuten izaera modernoa. Estaliak eta erosoak ziren, eta jende asko erakartzeko diseinatuta zeuden. Guztira 2.300 eserleku zituen: behean, lau lerro zeuden, 700 bat aulkirekin; horien atzean, hiru metroko altueran, 32 palko, bakoitza bederatzi esertokirekin; eta goian bederatzi lerroko harmaila, eta gorago, sei lerroko beste bi. Jokoa ukitu gabe eta kirol ikuskizuna izan zitekeela ulertuta, frontoiei izaera dotorea ematen saiatu zen Gonzalez eserlekuen bitartez, herritarrez gain, burgesia eta aristokrazia erakartzeko. Gainera, emakumeak modu nabarmenean hartu zituen lehen frontoia izan zen.
Jai Alaik izena bera izan zuen beste berezitasun bat. Dirudienez, deitura hori jaso zuen lehen frontoia Ategorrietakoa izan zen. Ricardo de Izagirre kazetari eta idazle donostiarrak izenaren jatorriaz idatzi zuen 1970ean, El Diario Vascon argitaratutako Pelotarismo donostiarra artikuluan. Haren arabera, Serafin Baroja ingeniariaren burutazioa izan zen, Gonzalezek eskatuta. Frontoiaren izaera dotorea eta pilota jokoa maite zuten herritarrek gustuko izango zuten deitura bilatzen saiatu zen. Jai alai euskarazko deiturak eta ingelesezko high-life —bizitza maila altua— hitzek antza handia zuten, batik bat jai-laif ahoskatuz gero. Ondorioz, izen hori hautatu zuten.
Maila handiko jokalari asko aritu ziren han jokatzen, esaterako, Luis Samperio eta Chiquito de Gallarta. 1932ko irailaren 8an, Jai Alai frontoiak ateak itxi zituen.