"Oraindik testigantza gehiago atera daitezke"
Altzako Historia Mintegiak bultzatuta, ‘Altza durante la guerra civil española’ liburua argitaratu du Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaileak, 36ko gerran Altzan gertatutakoa dokumentatzeko helburuarekin. Izan ere, Altzako memoria historikoan hutsune bat dago, eta hori betetzera dator Urrestarazuren liburua. Ale gutxi batzuk inprimatu dituzte, eta Altzako Historia Mintegiarekin harremanetan jarrita eskuratu daitezke. Era berean, formatu digitalean doan lortu daitezke, ‘Altzanet.eus’ atarian.
Nondik atera zen liburuaren ideia?
Liburua Altzako Historia Mintegiak eta nik egindako elkarlanetik atera zen. Izan ere, mintegiak Altzako zaharrengandik jasotako testigantzak transkribatzen nituen lehen, eta 36ko gerraren inguruan gauzak esaten zituztenean, oharrak jartzen nituen testuetan. Horrela, 36ko gerraren inguruan zerbait egiteko ideia izan genuen.
Bestalde, Donostiako Udalak memoria historikoaren mapa bat egin zuen, baina Altzan hutsune handi bat dago. Nik Altzako mapa propio bat helarazi nion udalari, baina oraindik informazio asko sartu behar zaio eta zuzendu egin behar da.
Halaber, 36ko gerran Altzan gertatutakoa azaltzeko ibilaldiak egin izan ditugu, eta hasieran pentsatu genuen ibilaldi horiek liburu batera eramatea, baina ez zen oso aproposa. Azkenean, Altzan gerra garaian gertatutakoaren inguruko argitalpenik ez dagoenez, gerraren narrazio historiko bat egitea erabaki genuen. Bi urte inguru eman ditugu dokumentazioa biltzen, eta liburua prest genuen martxoan, baina koronabirusa dela eta, aurkezpena atzeratu behar izan dugu.
Zergatik dago hutsune bat Altzan 36ko gerran gertatutakoaren inguruan?
Nik ez dut gaizki pentsatu nahi. Nahikoa konplexutasun du hiri honetako administrazioak, historian pentsatzen jartzeko. Gainera, orokorrean, historia gaizki tratatua izaten da erakundeetan. Horregatik, oso lan garrantzitsua egiten dute memoriaren aldeko elkarteek.
Hala ere, bitxia da Donostiako Memoria Historikoaren Kontseiluak gogoratu ez izana Altza, ikuspegi historikotik, aparteko errealitate bat dela. Hau da, Donostiako memoria historikoan tematu dira,baina Altzan, Bidebietako tiro zelaia baino ez dute aipatu. Hain zuzen, aipatu dizkizudan ibilaldietako lehenengoa egin ondoren, monolito moduko bat jarri zuten tiro zelaian. Ez dakit politikariren bat guri esker gogoratuko ote zen tiro zelai horretaz. Hala ere, monolito horrek ez du informazio asko ematen, han fusilamenduak izan zirela baino ez baitu esaten. Gainera, Altzako Historia Mintegiak Bidebietako tiro zelaiko fusilamenduen lekuko baten testigantza dauka, eta horri esker dakigu han fusilamenduak egin zituztela.
Laburbilduz, utzikeria kontua da Altzako memoria historikoaren hutsune hori. Gertatutakoa dokumentatzeko, jendeak presio gehiago egin beharko lieke erakundeei, eta batez ere, idatzizko eskabideak aurkeztu behar dira. Izan ere, erakundeentzat, ez badago eskabiderik arazo hori ez da existitzen.
Liburuak hutsune hori beteko du?
Donostiako liburutegi guztietara eta Koldo Mitxelenara eramango dugu, baita Donostiako Memoria Historikoaren Kontseilura bidali ere. Horrela, behintzat jasota geratuko da.
Testigantzekin lan egitea aberasgarria izan da zuretzat?
Bai, noski. Altzako Historia Mintegiak urteotan egindako grabaketekin lan egin dut, gerra garaian haurrak ziren gehienak hilda baitaude dagoeneko. Bidebietako fusilamenduen lekukoaren testigantza, esaterako, 2008an jaso zuten, eta urte berean hil zen. Hala ere, oraindik ateratzen dira testigantza batzuk, noizean behin. Esaterako, errepublikarrek Pasaian egindako bonbardaketa batean hildako gizon baten inguruan ez zegoen inolako informaziorik. Ordea, gizon heldu bat guregana etorri zen, eta esan zigun hildako hori baserriko baratzean lan egiten ari zela hegazkin errepublikar bat pasa zenean, eta bonba bat bota zutela baserrian bandera gorri-hori bat ikusi zutelako.
Oraindik testigantza gehiago atera daitezke, batez ere jendeak etxeko helduenei galdetzen badie. Hori da garrantzitsuena. Gauzak horrela, gero eta zailagoa da lekukoekin hitz egitea, eta artxiboetako dokumentazioa kontsultatu behar da.
Artxibo lan asko egin duzu zuk?
Bi urte baino gehiago eman ditut hemerotekak begiratzen eta egunkari guztiak irakurtzen, daturik txikiena ere ateratzeko. Zoritxarrez, liburuan ezin genituen datu guztiak jarri. Polita izango litzateke eranskin gehiago gehitzea.
Agian bigarren ediziorako.
Ikusiko dugu. Inprimatzea oso garestia da, eta diru-laguntza bat eskatu genuen horretarako. Azkenean, Altzako Historia Mintegiak berak diru pixka bat jarri behar izan du, eta ehun bat liburu baino ez ditugu inprimatu. Mintegiak 200 bazkide inguru ditu, beraz, ez dago bazkide bakoitzarentzat liburu bana ere.
Bestalde, liburua aitorpen moduko bat da errepresioa jasan zuten eta gerran borrokatu zuten Altzako bizilagunentzat, ezta?
Garrantzitsua da izen-abizenak gogoratzea, eta gerrarekin era batera edo bestera zerikusia izan zuten Altzako bizilagunen izen-abizenen zerrendak ditu liburuan. Izen-abizenak informazio pixka batekin joan behar dira, eta horretarako oso baliagarria izan da Altzako Historia Mintegiak bilduta zuen informazioa.
Altzaren anexioa ere sakonki jorratu duzu, ezta?
Gerraren bukaeran mapa birdiseinatzeko erabakia hartu zuten frankistek, baina, berez, ez zen zehazki Altzaren aurkako ideia bat. Donostiak Altza anexionatzeko saiakera asko egin ditu, baina esan beharra dago Altza 1821etik zela independentea; oso independentzia berria zen. Izan ere, identitate aldaketa asko izan ditu Altzak historian zehar.
Hala ere, argi dago anexioa azkar eta gaizki egin zela: Txingudiko badiarekin hainbat hamarkada eman zituzten bitartean, Altzakoa urtebetean egin zuten. Erregimen frankistaren aginduz, alkate berri bat izendatu zuten, eta azkar batean Altza Donostia izatera pasa zen, nahiz eta bizilagunek kexa ugari aurkeztu zituzten. Altzako anexioan azpijokoak daudela iruditzen zait, eta egia esan, legalki zalantzan jar daiteke.