Pandemiak begi bistan utzi du errealitatea
Egoera paradoxikoak eragin ditu azken hilabeteetan COVID-19aren aurrean hartutako konfinamendu neurriak; besteak beste, etxean gelditzeko agindua etxerik gabeko pertsonei ezarri beharrak. Etxegabeek neurri horiek bete, eta egunak leku itxi batean igaro ahal izateko, behin-behineko hainbat zerbitzu jarri zituen abian Donostiako Udalak. Alarma egoera bertan behera gelditzearekin batera, horiek ere eten egin dituzte. Horietan izan diren pertsona asko baliabide berrietara bideratu dituzte, baina beste askok kalean jarraitu behar izan dute, ezinbestean.
Etxegabe askorentzat normalitate berriak gehiago du zaharretik, berritik baino. Konfinamendua ezarri eta gutxira, Donostiako Udalak behin-behineko hainbat zerbitzu zabaldu zituen, kalean zeuden pertsonak artatu, eta horiek, legeak agindu bezala, konfinamendu neurriak bete ahal izateko. Aitziber San Romanek, Gizarte Ekintzako zinegotziak, emandako datuen arabera, orotara 172 pertsona artatu dituzte zerbitzu horietan azken hiru hilabeteetan. Joan den ekainaren 22an, alarma egoera bertan behera gelditzearekin batera, eten egin zituzten pandemiaren harira zabaldutako larrialdi zerbitzu horiek, eta etxegabe askok kalera itzuli behar izan dute, ezinbestean.
Behin-behineko lau baliabide
Lau izan dira konfinamendu garaian udalak ireki dituen behin-behineko zerbitzuak: Monseko Abegi Etxeak 40 leku eskaini ditu, eta Ondarretako La Sirena aterpetxeak, Atano III.a pilotalekuak, eta Ubako aterpetxeak, 44 leku bakoitzak. Lehenik, martxoaren 17an, La Sirena zabaldu zuten, eta hara bideratu zituzten Gaueko Aterpeko pertsonak eta langileak; hain zuzen, Gauekok ez zituen baldintza egokiak betetzen, eta horregatik hartu zuten behin behinean hori ixteko erabakia: «Ikusi genuen Gaueko ez zela pertsonak artatzeko leku egokia, eta La Sirena ireki genuen; leku gehiago behar genuela ikusita, martxoaren 19an Atano III.a ireki genuen», azaldu du San Romanek.
«Esperientzia frenetikoa eta aberasgarria izan da. Oso azkar lan egin behar izan dugu baliabideak ireki ahal izateko», adierazi du zinegotziak; halaber, nabarmendu du Arrats elkartearen lanari esker eman ahal izan dela zerbitzua. Elkarte horretako Amaia Lasherasentzat esperientzia «intentsua eta zaila» izan da, izan ere, oso denbora gutxian lan asko egin behar izan dute, eta zailtasun askori aurre egin behar izan diete. «Ia astebetean hiru aterpetxe ireki behar izan genituen. Oso denbora gutxian langile asko kontratatu behar izan genituen, horrek dakarren guztiarekin», esan du Lasherasek.
San Romanek emandako datuen arabera, 40 bat pertsona kontratatu dituzte behin-behineko zerbitzu horietan lan egiteko, baita mediku bat eta hainbat segurtasun agente ere. Atano III.a pilotalekuan, esaterako, hogei hezitzaile eta integratzaile sozial aritu dira lanean, eta Uban hamabost inguru. La Sirenan, Gaueko Aterpeko lan taldea aritu da, eta bi edo hiru langile gehiago batu zaizkie. «Nabarmendu nahiko nuke hezkuntza taldeak primeran erantzun diola egoerari, eta gogo izugarriarekin egin dutela lan», adierazi du Arratsekoak. Halaber, zerbitzuak erabili dituzten pertsonen «jarrera, pazientzia eta esfortzua» ere txalotzekoa izan dela esan du.
Kudeaketa konplexua
Konfinamenduko hilabeteei aurre egitea zaila izan da herritar ororentzat, eta zer esanik ez aterpetxeetan izan diren pertsonentzat. Behin-behineko zerbitzu berriak «erlojupean» antolatzeko zailtasunaz gain, itxialdian zehar elkarbizitza ona izatea erronka handia izan dela kontatu du Lasherasek: «Espazioek, esaterako, asko eragiten dute zerbitzua ematerako orduan, eta Atano, azken finean, kantxa bat da. Oso zaila izan da segurtasun tarteak mantentzea. Guk geure etxeetan ez badugu egin, nola egingo dute haiek euren behin-behineko etxebizitzan», kritikatu du Arratsekoak. Espazioari dagokionez, Uba eta La Sirena egokiagoak direla azaldu du, gela indibidualak dituztelako, eta horrek intimitatea eta atsedena bermatzeko aukera eman dielako.
Martin Apalategi (Ibaeta, 1991) Gaueko Aterpean hasi zen lanean duela hiru urte, hezitzaile moduan, eta konfinamenduaren harira egindako moldaketek La Sirenara eraman dute. Apalategiren ustez, egoera «arraroa» izan da, halabeharrez, lan egiteko modua asko aldatu delako azken hiru hilabeteetan: «Laneko kontuez gain, gure bizitzak ere kudeatu behar izan ditugu, eta egoera arraroa izan da, oro har». «Alarma egoerak ezer onik ekarri badu, hori izan da kalean zeuden pertsona batzuek behin-behineko etxebizitza izateko aukera izan dutela; hala ere, pertsona asko gelditu dira kalean», kontatu du. «Bitxia izan da sortu den egoera, etxea duten pertsona asko nazkatu egin direlako etxean sartuta egoteaz, eta etxerik gabeko batzuek, aldiz, eskertu egin dute pandemia, aste batzuetan behintzat kaletik atera direlako», gaineratu du.
Behin-behineko baliabideetara sartzeko aukera izan dutenentzat, elkarbizitza ez dela «batere erraza» izan esan du: «Etxegabea izan ala ez, inorentzat ez da erraza beste 40 pertsonarekin bizitzea, eta zer esanik ez konfinamendu egoera batean». Apalategirentzat pandemiak hausnarketa egiteko beharra jarri du mahai gainean; era berean, pertsona horientzat beste aukera batzuk birpentsatu behar direla uste du, «ahalik eta jende gehienarengana iristeko».
Atano pilotalekuko zerbitzuan aritu dira lanean Asier Gomez (Intxaurrondo, 1996) eta Esther Eizagirre (Egia, 1993) gizarte integratzaileak, eta esperientzia positiboa izan dela adierazi dute: «Esperientzia gogorra eta aberasgarria izan da. Hiru hilabete intentsu izan dira, baina pertsonalki eta profesionalki asko hazi gara», esan du Eizagirrek. Halaber, egunerokotasunean izandako hainbat zailtasun ere aipatu dituzte, esaterako, hizkuntzarekin lotutakoak: «Hizkuntza izan da zailtasun handiena», aitortu dute. Espazioaren egokitasunari buruz ere hitz egin dute: «Badakigu frontoia ez dela aterpetxe bat, eta horrek gatazkak eragin dituen arren, balorazioa positiboa dela uste dugu. Momentu oso onak izan ditugu, eta horrekin gelditzen gara», gehitu du Gomezek.
Behin-behineko baliabideetan jende asko izan da hiru hilabetez, eta horiek askotariko profiletakoak izan direla kontatu Arrats elkartekoak; aniztasun horrek, hainbat zailtasun eragin ditu. «Ramadanak bete-betean harrapatu du konfinamendua, eta hori egin duten pertsona asko izan dira. Egin dutenen eta egin ez dutenen erritmoak oso desberdinak izan dira, eta hori kudeatzea konplexua izan da; denen atsedena eta ongizatea bermatzeko neurriak ezarri behar izan ditugu, eta malgutasunez jokatu behar izan dugu», esan du Lasherasek.
Gainera, zerbitzuetan izan diren pertsona askori konfinamenduak berak agintzen zituen hainbat neurri betetzea «oso zaila» egin zaiela onartu du Arratsekoak: «Ezjakintasun egoerak eragindako beldurrak kudeatzen lagundu behar izan diegu, eta gainera, eskatu behar genien kalera ez ateratzeko, gehienak kaleko jendea direnean».
Zaurgarrienen egoera, argitara
Pandemia hasi zenean, Gipuzkoan Donostia izan zen larrialdiko baliabideak irekitzen lehen udalerria, eta San Romanek kontatu duenez, baliabide horietara joan direnen %40 inguruko herrietatik etorritakoak izan dira, eta horrek eragina izan du kudeaketan. Lasherasek, lehen egunetan emandako erantzun «azkarra», eta udaleko teknikariek egindako lana azpimarratu ditu. «Egoerak gainditu egin gintuen, eta ikusi ahal izan dugu Kale Gorrian egitasmoaren bitartez bi urtetik behin egiten diren zenbaketetan jasotzen diren kopuruak baino altuagoak direla errealitatean», esan du Arratsekoak. «Horrek lagundu du existitzen zen errealitate bat argitara ateratzen», gaineratu du.
Aterpetxeetan etxegabeei eskainitako zerbitzuez gain, beste «kolektibo zaurgarri» batzuek izan dituzten beharren inguruan mintzatu da Lasheras: «Pandemiak larriagotu egin du zaurgarritasun egoeran zeuden pertsona askoren egoera». Gure hirian pertsona asko daude erregularizatu gabeko enpleguetan lanean, eta horiek, erregularizazio faltaren ondorioz, ezin izan dute laguntzarik eskatu. Kaltetuen izan den kolektiboetako bat izan da sexu langileena, Lasherasen ustetan, erregulazio faltaren eta segurtasunagatik euren lana egiteko ezintasunagatik: «Egoera latzak bizi behar izan dituzte. Inoiz ez dute ikusgai egon nahi izan, baina pandemian zehar asko jateko eske etorri zaizkigu. Erregularizatuta ez daudenez, ezin izan dute laguntzarik eskatu, eta jatekorik gabe gelditu dira egun batetik bestera».
Horren aurrean, kolektibo horien beharrei erantzuteko larrialdiko mekanismoak jarri dituzte abian udalak, hiriko hainbat jatetxek, Caritasek, eta abarrek. Gainera, herritarren mobilizazioa ere ezinbestekoa izan da horretarako, besteak beste, Hiritarren Harrera Sarea eta auzoetako zaintza sareak aritu dira pertsona horiei lagun egiten.
Behin-behineko baliabideen itxiera
Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi zuen joan den ekainaren 22an. Horren ondorioz, Donostiako Udalak martxo hasieran irekitako zerbitzuak eten zituen egun horretan. Gaur egun, hala ere, Ubako aterpetxeak zabalik jarraitzen du, ezohiko zerbitzuarekin jarraitzeko. Lasherasek azaldu duenez, uztailaren 6ra arte egongo da zabalik. Hain zuzen, aterpetxe horiek itxi aurretik, pertsona erabiltzaileak modu mailakatuan ateratzen joan ziren horietatik, eta gelditzen ziren azken pertsonak Ubara eraman zituzten.
Konfinamenduaren harira zabaldutako baliabideak «ezohiko egoera bati erantzuteko» izan zirela argitu du San Romanek, eta gehitu du Gizarte Zerbitzuen ikuspegitik, baliabide horiek irekita mantentzea baino interesgarriagoa dela erabiltzaileei Gizarte Zerbitzuen sarean sartzeko ibilbideak eskaintzea. Zinegotziak azaldu duenez, alde batetik, 25 pertsonari diru laguntza bat emango zaie logela aurkitzeko; bestetik, tutoretzapeko bost etxebizitza irekiko dira, eta hor 15-20 plaza sortuko dira. Era berean, aldundiak plaza gehiago jarriko dituela jakinarazi du, eta azkenik, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri dituen programa batzuei esker Arratsek, Peñascalek eta Caritasek ere plaza kopurua handituko dutela jakinarazi du. Arratseko langileak emandako informazioaren arabera, laguntza horiek abenduaren 31n etengo dituzte: «Eta gero, zer gertatuko da pertsona horiekin?», bota du galdera.
Hiritarron Harrera Sareko Itxaso Agirre Barandiaran (Egia, 1971) kritiko agertu da gaiarekiko, eta erakundeek egindako esfortzua positibotzat jo badu ere, adierazi du behin-behineko baliabideetatik kanpo gelditu diren pertsonentzat ez dutela alternatibarik eskaini. «Hemendik aurrera, behin-behineko aterpetxeetan izan diren pertsonei soilik eskainiko dizkiete alternatibak, baina jende asko gelditu da horietara sartu gabe», ohartarazi du. Esaterako, sartzeko zain itxaron zerrendetan gelditu diren pertsonak, Infernu auzoan eta hiriko beste hainbat lekutan okupatzen bizi den jendea, eta etxeren batean harrera egin dieten pertsonak dira horietako batzuk. Era berean, Lasherasek azaldu du pandemiaren aurretik kalean bizi ziren herritar askok ez dutela baliabideetara jo nahi izan «euren txokoa» galtzeko beldurrez.
San Romanek esandakoaren arabera, erabiltzaile guztiekin hitz egin dute langileek, baina badago laguntzarik onartu ez duenik, ez dituelako Gizarte Ekintzako baliabideak erabiltzeko behar diren konpromisoak onartu nahi. Lasherasen eta Apalategiren ustez, garrantzitsua da kontuan hartzea «kaleko jendea» direla, eta asko ez direla eroso sentitzen baliabide horietan. Horregatik, Apalategiren iritziz, hausnartzeko unea da, eta etxegabeentzat eskaintzen diren zerbitzuak birpentsatzekoa.
Ezohiko larrialdi egoerari erantzuna emateko, «modu egokian» lan egin dela uste du Lasherasek, baina hala ere, kritikatu du dauden baliabideak ez direla nahikoak etxerik gabe dauden pertsona guztientzat. Arratsekoaren ustez, ez du Donostiako Udalak hartu behar bakarrik horren gaineko ardura; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere jarri behar dituzte baliabide gehiago. Gainera, behin betiko konponbideak lortzeko, ezinbestean, legeak aldatu behar direla uste du, esaterako, Atzerritarren Legea. «Pertsona zaurgarrienek ordaindu dituzte pandemiaren ondorioak, eta aurrera begira jarrita, gakoa epe laburretan eta epe luzeetan dago: hau da, alarma egoerak argitara atera du errealitatea, eta une hau aprobetxatu behar da dauden gabeziak hobetzeko. Epe motzean egiten denak epe luzera gauza positiboak ekarriko ditu», laburbildu du Arratsekoak.