Saltokiak itxi eta protestak etxetik egingo dituzte Loiolan, Voxen mitina dela eta istilurik izan ez dadin
Loiola Antifaxistak etxeko leiho eta balkoietan protesta egitera deitu du. Izan ere, gaur arratsaldeko 20:00etan Javier Ortega Smith Voxeko idazkari orokorrak mitina egingo du Latsarien plazan, baina hirian zein Euskal Herriko beste hainbat udalerritan izandako istiluak ekidin nahi dituzte.
Bizilagunak beldurtuta daude, beste udalerri horietako batzuetan, Ertzaintzak ordartuz erantzun baitzien protestari antifaxistei eta hainbat pertsona identifikatu baitzituzten. Gainera, azkeneko hauteskundeetan ultraeskuineko alderdiak 13 boz lortu zituen auzoan. Ondorioz, mitinera modu puntualean etor daitezkeen politikariekin edo pertsonekin baino, auzotar horiekin zein han bizi diren militarrekin ez dute arazorik izan nahi. Horregatik guztiagatik, protestak etxetik egiteaz gain, hainbat saltokik itxi egingo dutela erabaki dute.
Bestalde, goizean goizetik, Latsarien omenezko eskulturari ortzadarraren bandera jarri diote, eta mitina hartuko duen Latsarien plazan pintaketak egin dituzte, nahiz eta azken hauek dagoeneko ezabatu dituzten. Mitinera begira, Loiolako balkoi eta leihoak ikurriñaz, ortzadarraren banderaz, edo beste edozein banderaz betetzera deitu dute, eta oihuak egitekotan ere, norberak bere etxetik egiteko.