Euskal Itsas Museoak hainbat jarduera egingo ditu udan museotik kanpo
Euskal Itsas Museoak bere ateak zabaldu zituen ekainaren 2an, eta orain, udan egingo dituzten askotariko publikoari egokitutako jarduerak aurkeztu dituzte. Horiek, museotik kanpo egingo dituzte, eta “formatu murriztuetan” eskainiko dituzte, COVID-19aren aurreko neurri gisa.
Alde batetik, Arrantza sektorearen iraultza izeneko bisita gidatua egingo du kaian, ireki berri den Kofradia-Itsas Etxearekin batera. Bisitariek hiriko portuaren historia ezagutu ahalko dute, museoko bitartekaritza kide batek emandako azalpenekin, eta ondoren, Kofradia–Itsas Etxeko instalazio berrietan sasoiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izango dute.
Bisitak larunbatero izango dira, 11:00etan, eta taldeak, gehienez, hamabost lagunez osatutakoak izango dira. Lekua erreserbatzea ezinbestekoa izango da, eta bisitek 25 euroko prezioa izango dute.eta 25€ko prezioa du. Erreserbak Kofradia-Itsas Etxearen webgunearen bidez, eta komunikazioa@itsasmuseoa.eus helbide elektronikora idatzi egin beharko dira.
Bestetik, familiek eta gazteek La Jarana pista jolasaz gozatu ahal izango dute, “kaiko sekretu ezkutuenak ezagutzeko”. Museoko ordutegian eskuragarri izango dela azaldu dute museokoek, eta “nahieran” egiteko jarduera izango da. Pista jolasaren prezioa hiru eurokoa da, familia bakoitzeko. Museoaren ordutegia, aldiz, 10:00etatik 19:00etara izango da.
Bestalde, La Jaranatik martxan! ibilbide gidatuetan, Euskal Itsas Museoko bitartekaritza taldearekin batera, kaiko sekretuak ezagutzeko aukera izango dute ostiral arratsaldetan. Bisita horren prezioa 2,5 eurokoa da pertsonako.
Azkenik, Elkano. Lehenengo Mundu Bira erakusketa doan bisitatzeko aukera izateaz gain, “MikroMuseoak bisitak” antolatu ditu museoak: hamabost minutuko topaketak dira, eta zortzi bisitarik gehienez, aldi baterako erakusketari buruzko eta Musealiak guneari buruzko mikro-bisitak egiteko aukera izango dute.