Grabaketei ekin die berriz San Sebastian Film Commission-ek
Koronabirusa dela eta hiru hilabetez geldirik izan ondoren, film eta iragarkien filmatze lanak hasi egiten dira berriz Gipuzkoan, San Sebastian Film Commission bulego teknikoarekin elkarlanean. Hain zuzen, Igor Legarreta zinemagilearen Ilargi guztiak filma izan da Espainiako Estatuan grabazioa bukatu ahal izan duen lehenengo filma, eta Gipuzkoan egin du, San Sebastian Film Commissionekin laguntzarekin. El Internado: las cumbres telesaila ere grabazioak egiten ari da Gipuzkoako hainbat lekutan.
Donostiako bulego teknikoa konfinamenduan zehar hainbat agenterekin elkarlanean aritu da, errodajeekin berriro hasteko beharrezkoak diren osasun segurtasuneko protokoloak lantzeko, eta hasieratik abiarazi ditu egoera berrira egokitzeko hainbat tresna; bai alarma egoeraren aurretik hasi zituzten proiektuak berriz hartzeko, baita proiektu berriak abiatzeko ere.
Enrique Ramos Sustapen Ekonomikorako zinegotziak garrantzitsutzat jo du grabazioak berriz hastea: “Sektorea berriro abian jartzea eta normaltasun berri deritzoten hori berrestea garrantzitsua da, geroz eta sarriago erabiltzen baita Donostia eta Gipuzkoa osoa ikus-entzunezko produkzioetarako plato gisa, eta bultzada hori aprobetxatu behar dugu. Enpresa askok, gehienak bertakoak, onura ateratzen diote produkzio hauei, turismoaren aldetik dakarten erakargarritasunarekin batera. Egia da hilabete batzuk galdu ditugula pandemia dela eta, baina argi dugu sustatu eta sostengatu beharreko industria dela, gure hiriari eta lurralde osoari abantaila garrantzitsuak ekartzen baitizkio. Datu gisa aipa daiteke, pasa den urtean, produkzio hauek hamar milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortu zutela Gipuzkoan”.