Ikasle Abertzaleakek "Selektibitateari Ez!" esateko elkarretaratzea egin du
Aurtengo selektibitateak ikasleei oporrak moztu dizkietela salatu dute, baita hautatze-proba honek ikasleengan sortzen dituen ezinegon eta estresa ere.
Gaur hasi eta asteazkenean amaituko da selektibitatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta proba honen aurrean “Selektibitateari Ez!” lelopean elkarretaratzea egin du Ikasle Abertzaleakek Ibaetako campuseko Aularioan.
Selektibitateak ikasleengan “urduritasunak eta ezinegonak” handitzen dituela salatu du IAk, proba honek ikasketa prozesu osoa hiru egunetan ebaluatzen baitu. Proba hau hezkuntza kapitalistaren gako bat dela adierazi dute, eta “balio lehiakorrak edukiko dituen eta memorian oinarrituko den ikasle prototipikoak” ekoizten laguntzen duela azpimarratu dute.
Azkenik, selektibitateak “filtro-sozial” funtzioa betetzen duela adierazi du IAk, “balio burgesen eta eduki tekniko jakin baten barneratze-mailaren arabera ikasle langilea prozesu produktibo kapitalistan integratzea bilatzen baitu”, diote.
Eredu honen aurrean irtenbidea “ikasle langileon mesedetara egokituko den azterketa eredua ezartzea” dela azpimarratuz amaitu dute elkarretaratzea.