Medeak talde transfeministak bere jarduna etetea erabaki du
Bere sorreratik hogei urte bete direnean, Medeak talde transfeministak bere jarduna etetea erabaki du, eta hala jakinarazi du komunikatu baten bitartez. Agur esateko arrazoi ugari daudela adierazi dute, eta nabarmendu dute erabakia ez dutela porrot gisa bizi, “errealitateari berari lotutako amaiera” gisa baizik.
Medeak taldeak bide luzea egin du, eta Donostian, Euskal Herrian, eta Espainiako Estatuko hainbat txokotan borroka transfeministaren erreferente bilakatu dira. Azken bi hamarkadetan, askotariko aldarrikapenak eta borrokak atera dituzte kalera, eta mobilizazioak, hitzaldiak, performanceak eta bestelako ekintza eta jarduera ugari antolatu dituzte. Barrura begirako lana ere azpimarratzekoa da.
Hona hemen Medeak talde transfeministaren agur komunikatu osoa:
2020aren hasierarekin, Medeak talde Transfeministak hogei urte bete ditu. Halako urteurren batek, ezinbestean eraman gaitu aspalditik zetorkigun hausnarketa bati heltzera, eta bi hamarkadek ematen duten esperientzia, bizipen, irakurketa eta ibilbideari begiratuta, Medeakek, idatzi honen bidez, talde bezala bere jarduna etetea erabaki duela adierazi nahi du.
Zaila da arrazoi bat eta bakarra bilatzen jarri eta hori bera azaltzea, eta egia esan, beti izan gara hori baino heterodoxoagoak. Baina argi ikusi dugu, ziklo baten amaiera bat bizi izan dugula, eta gure militantzia, bizitzak, borrokak eta harremanak gurutzatu dituen Medeaki ere itxiera bat eman nahi diogula.
Denak du bere garaia, eta denak du bere denbora. Ez gaude triste, ez dugu porrot gisa bizitzen, baizik eta, errealitateari berari lotutako amaiera batekin.
Argi dugu, eta hala gorpuztu dugu, Medeakek bere bidea eta ekarpenak egin dituela herri honetan, zein hainbaten bizi eta gorputzetan. Urte hauetan guztietan, mila modu eta garaietan Medeaken parte izan garen guztiok sentitzen dugu gure bizitza jarri dugula bertan, gure gorputza plazan, eta gure prestutasuna Euskal Herriko zein beste herrialde batzuetako Mugimendu Feministekin elkar-lanean.
Transfeminismoaren sorreraren testigu ez ezik, sortzaile ere sentitu gara, eta hortaz, baita jendarteratzaile ere. Bide ederra izan da hau, bidelagun ezin hobeekin eskutik egindakoa, eta utzitako alearekin harro egiten dugu agur hau. Bide ederra izanagatik ere, ez da beti samurra izan, baina argi dugu, eztabaidatu eta hainbat ikuspegirekin aurrez-aurre hitz egitea ere aberasgarria izan dela.
Gorputza, desira, transexualitatea, bollerismoarekin… matraka emandakoak gara, eta akaso hala gogoratuko gaituzue askok, gure bigoteak eta fustak eskuan, festa, desira eta sexualitatea politikaren erdian jartzen tematuta. Eta hori guztia izan gara eta bagara, baina badakigu horren guztiaren, zein bilera, manifestazio, jardunaldi, topaketa, poteo eta dantzen bidez, elkarrekin gauza asko erakitakoak ere bagarela.
Ekiten eta borrokatzen jakitea bezain garrantzitsua da amaitzen jakitea. Beste bide batzuei leku egitea, datozenei, zein jada transfeminismoatik lanean ari direnei. Gu soilik, beste modu batzuei eustera goaz, ez desagertzera. Baina ezin dugu joan eskertza handiena plazaratu gabe. Eskertza hori, lehenik, Euskal Herriko Mugimendu Feministari, bertako talde, kide, koordinadora, norbanakoei. Plazer bat izan da elkarrekin lan egin, ikasi, eztabaidatu eta borrokatzea. Eskertza berezia, baita ere, estatu eta munduko txoko desberdinetatik, uneoro ikuspegi berriak ekarri, entzunarazi, gure aulkian bihurritu arazi eta elkarrekin sortzen lagundu diguzuenei. Bereziki gogoan zaituzteugu, gure genealogia izan zaretenak; 2000. hamarkada hasierako queer teoria eta praktikalariak; postpornora begirada eta bidea zabaldu zenigutenak; gure zuritasunaren kontziente egunero egiten jarraitzen duzuenak; gure kosmobisio koloniala lehertu diguzuenak; sexu-lana gertuagotik ezagutu, entzun eta eskubideen alde borrokatzeko parada eman diguzuenak; transexualitatea teoria jolas batetik praktikara ekartzeko bide ez arautuak erakutsi dizkiguzuenak; feminismoa euskaratik eta euskaraz egitearen garrantzia azpimarratu diguzuenak; (trans)feminismoa, orain aipatzen amaituko ez genukeen zapalkuntza guztiei aurre egiteko etxea dela gogorarazi eta eraikitzen lagundu diguzuenak. Denei mila esker, zuek badakizue ongi nor zareten.
Beraz, Medeakek, 20 urte bete bezala agur bero bat helarazi nahi dizue, ez ordea, zuen baimenarekin, urte guzti hauek ematen digun ikuspegi pribilegiatu batetik azken hitz batzuk esan gabe.
Ikusten ari gara, bizi ditugun garai hauek ere, garai interesgarriak direla feminismoentzat, mugimendu, eztabaida, ideia, aliantzen… garaiak. Guk argi dugu asko dagoela egiteko, eta argi dugu baita ere, feminismoak deserosoa izaten jarraitu behar duela; edo beste era batera esanda, feminismoa eroso izaten den momentuan susmoa baino, alerta piztu behar zaigula. Gatazkak hor daude, sinesgaitzak ziruditen feminismo baztertzaile batzuen ahotsak ere entzuten hasi gara, eta kanpo zein barne erasoek ez dute etenik. Horregatik guztiagatik, Medeak eguneroko praktikatik desagertuko bada ere, ez dugu ahaztu nahi, guk ertzeko feminismo batean sinisten eta borrokatzen jarraituko dugula. Argi dugu, estrategiak estrategia, feminismoaren lekua kalea dela. Argi dugu, feminismoa, erradikala, deserosoa, antikapitalista, antiarrazista, antikapazitista, antiespezista, transa, sexu-langileen etxea, euskaltzalea, klaseari erreparatuko diona, konbatiboa, eta bolleroa izango dela.
Beraz, ahizpok, ez egin dudarik, Medeakek bere horretan agur esan arren, garai hauetan eta datozenetan ere, kalean ikusiko dugu elkar.
Gora borroka transfeminista!