'Harrotu ileak' festa egingo dute, ikasturtean zehar landutakoa aurkezteko
Tabakaleran bildu ohi diren gazte migratzaileek, kultura zentroko Hezkuntza arloko langileek eta hainbat artistek osatzen dute Harrotu ileak egitasmoa. Taldeak 2017ko urtarriletik darama lanean eta urtero diziplina baten inguruko lanketa egin dute.
2019/20 ikasturtean zehar zinema, serigrafia eta koreografia landu dituzte, eta ostiral honetan aurkeztuko dute jendaurrean egindakoa. Aurkezpen festa Tabakalera kanpoaldeko Nestor Basterretxea plazan izango da, 17:00etatik 20:00etara, eta horretan tea eta musika izango direla iragarri dute. Serigrafia lantegian sortutako kamiseta, poltsak eta kirol jertseak salgai jarriko dituztela gehitu dute.
Iraila eta urrian zehar, Julieta Juncadellak eta Jose Maria Avilesek, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle eta zinemagileak, zinema adierazpen-tresna gisa pentsatzeko lantegi bat proposatu zieten gazteei. Hiriko hainbat zinematan izandako filmak ikusteaz gain, haien sorkuntza propioak egiteko aukera izan dute ikasturtean zehar. Hona hemen laburpen bideo bat:
Bestalde, Asteazkenak Estudioko Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren artistekin serigrafia eta estanpazioa lantzeko aukera izan dute gazteek. Prozesuan zehar serigrafiako sorkuntzaren fase ezberdinak ikusi dituzte, eta amaierako emaitza gisa, haiek sortutako pantailekin poltsak, kamisetak eta kirol jertseak serigrafiatu dituzte.
Azkenik, kontakt-inprobisazio metodoen eta gorputz-adierazpeneko ariketen bidez, praktikan jarri dute dantzatutako koreografia bat, arrazan, generoan, sexuan, klase sozialean eta abarretan oinarritutako botere harremanetatik eratorritako egoerak jorratuz. Rachid Farhan-ek eta Zahrat Essawssane Bourhil-ek gidatutako lantegi horiek genero- eta maskulinitate-gaiei buruz hitz egiteko balio izan dutela azaldu dute antolatzaileek.
Iazko ekainean, joan den ikasturtean egindakoa jendaurrera eramateko beste festa bat egin zuten, hain zuzen, Bideak harrotzen antzerkia estreinatu zuten Nestor Basterretxea plazan. IRUTXULOKO HITZAk irudi bilduma bat osatu zuen Joseba Parron San Sebastian argazkilariarekin argazkiekin.

