Antzerkia eta Bethoveenen urteurrena, Donostia Kulturako abuztuko eta iraileko programazioko protagonistak
Normaltasun berriarekin aurrera jarraitzeko asmoz, Donostia Kulturak abuztuko eta iraileko musika eta antzerki programazioa iragarri du gaur goizean.
Antzerkiari dagokionez, egitarau zabala izango da hilabete hauetan, batez ere, abuztuan. Abuztuko egitaraua Maria Luisa Merlo eta Jesus Cisnerosen Mentiras Inteligentes antzezlanak, eta Juan Echanoveren La fiesta del Chivok zabalduko dute. Biak abuztuaren 5etik 9ra ikusi ahal izango dira, lehena Antzoki Zaharrean, eta bigarrena Victoria Eugenian. Abuztuan ere, Antzoki Zaharreko programazioaren parte izango dira Izena! euskarazko antzezlana (abuztuaren 13tik 16ra), David Barreiroren La Herencia (abuztuaren 19tik 23ra) eta Jon Plazaola aktoreak estreinatuko duen Irabazi (abuztuaren 26tik 30era). Bestalde, Victoria Eugenian izango dira Luis Merlo eta Jorge Boschen El método Gronhölm (abuztuaren 11tik 16ra), Concha Velascoren La habitación de María (abuztuaren 19tik 23ra), Morfeo Teatroren La sumisión (abuztuaren 28an eta 29an), eta Factoría de Cuentosen Coppélia, el cuento de la niña de los ojos de porcelana haurrentzako emanaldia (abuztuaren 30ean).
Irailean, aldiz, Antzoki Zaharrean izango dira Angeles Martin, Blanca Oteyza eta Paloma Monterorem Cuidados intensivos antzezlana (irailaren 3tik 6ra), eta Joseba Apaolaza eta Aitziber Garmendiaren Rita (irailaren 9tik 12ra). Victoria Eugenian martxoan banatzen den Donostia Antzerki Saria ikusi ahal izango da irailaren 8an, zehazki, Atx Teatroren 7ak bat antzezlana. Irailaren 10etik 13ra Jorge Javier Vazquezek Desmontando a Séneca antzezlana aurkeztuko du. Irailean ere izango da Lugaritzeko Imanol Larzabal aretoko lehen antzerkia. Ane Gabarain eta Mikel Laskurainek Zoaz pake santuan taularatuko dute.
Bethoveenen musika, urteurrena dela eta
Musikari dagokionez, abuztuko egitaraua Musika Hamabostaldiak beteko du batik bat. Irailaren 1etik 6ra, aldiz, Ludwig van Bethoveenen jaiotzaren 250. urteurrena dela eta, bertan behera utzitako hainbat kontzertu egingo dituzte Victoria Eugenia antzokian. Momentuz sei kontzertu iragarri dituzte. Irailaren 1ean eta 6an Julia Siciliano estatubatuarraren Ensemble Sicilianok musikagine alemanaren piano eta harirako hainbat trio eta sonata eskainiko ditu. Irailaren 2an, Juan Carlos Fernandez-Nieto hispanoamerikarra izango da Bethoveenen hainbat sonata jotzen, eta irailaren 3an Nikos Stavlas greziarra. Irailaren 4an eta 5ean, aldiz, pianista donostiarren txanda izango da, Judith Jauregirena eta Josu Okiñenarena, hurrenez hurren.
Antzezlanetako sarrerak salgai, kontzertuetakoak astelehenean
Antzezlanetarako sarrerak dagoeneko salgai daude, eta kontzertuetakoak astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira. Sarrerak Donostia Kulturako webgunean eta Victoria Eugenia antzokiko leihatilan eros daitezke.. Azken hau 11:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:00etara dago zabalik. Antzoki Zaharreko txarteldegiari dagokionez, uztailaren 27an zabalduko dute.
Era berean, programazio osoa Donostia Kulturako webgunean ikusi ahal izango da.