Dbuseko zerbitzu guztiak berreskuratzeko elkarretaratzera deitu dute ostiralean
Kurpil Dbuseko langileen sindikatuak elkarretaratzera deitu du ostiralean, 11:00etan, Bulebarrean, udaletxe ondoan. Honen bitartez, autobus zerbitzuen %100a berreskuratzea, langabezian dauden langileak lanera itzultzea, gastu sozialean inbertsioa eta mugikortasun urriko pertsonen alde egin dezatela eskatu nahi diote Dbus autobus konpainiari eta Donostiako Udalari.
Donostian oraindik zerbitzuen zati bat berreskuratu da. Ondorioz, murriztuta edo zerbitzurik gabe jarraitzen dute, esaterako, 21. Mutualitateak eta 42. Aldapa-Egia lineak. Aipatutako biak soilik ordu tarte jakin batzuetan funtzionatzen dute, eta 46. Morlans autobusa oraindik zerbitzu gabe dago.
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak hainbat agerralditan aipatu du eskaera aztertzen ari direla etengabe, eta horren arabera eskaintza egokitzen ari direla. Hala ere, Kurpilen ustez, ezarritako murrizketek “erabiltzaile posibleak urruntzen dituzte”, eta horren ondorioz, “auto pribatuaren presentzia” areagotzen da eta “hiriko kutsadura eta zarata” handitzen dira. Are gehiago, mugikortasun urriko pertsonen eragina ere baduela gehitu du.
Bestalde, Kurpilek dioenez, “aurrekontu-arazoak argudiatuta, eta zerbitzuan egindako murrizketei berreskuratzeari uko egiten” diotela hainbat udalek. “Kalitatezko garraio publikoaren aldeko apustu garbia eta irmoa behar dugu”, azpimarratu du sindikatuak.
Era berean, murrizketen ondorioz, gidari guztiak ez dira oraindik lanera itzuli. Kurpilek salatu duenez, langabezian dauden batzuk “bizirauteko gizarte-laguntzak eskatzeko” premia izan dute. Ondorioz, langile guztiak lanera itzul daitezen ere eskatu du sindikatuak.
Elkarretaratze deialdira hiriko hainbat auzo elkarte eta beste hainbat erakunde atxikitu dira, eta honetan parte hartzeko eskaera luzatu die sindikatuak herritarrei.