Egian bizikleten erabilera errazteko neurriak eskatu dizkiote auzo elkarteak eta Kalapiek udalari
Egia Bizirik auzo elkarteak eta Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak idatzi baten bitartez eskatu diote udalari auzoan bizikleten erabilera errazteko neurriak hartzeko. Besteak beste, aparkaleku egokiak eta bizikletak alokatzeko tokiak behar direla berretsi dute, eskaera hori ez baita berria. Izan ere, adierazi dutenez, aurretik ohartarazi gabe, auzoko Karmengo Andre Mari kaleko hainbat bizikleta kendu zituen udaltzainak duela aste batzuk. Aldiz, “bizikleta abandonatuen aztarnak” bere horretan jarraitzen direla salatu dute. Hona hemen Egia Bizirikek eta Kalapiek elkarrekin egindako idatzi osoa:
Duela aste batzuk, udaltzainak, aldez aurretik abisatu gabe, Egiako Karmengo Andre Mari kaletik bizikletak kentzen ari ziren.
Gure desadostasuna adierazi nahi dugu. Udalak dioenez, bizikletaren erabilera bultzatu nahi du, baina ez du horretarako baliabiderik jartzen. Gure auzoan, adibidez, argi dago bizikletetarako aparkaleku egokirik ez dagoela. Makina bat aldiz eskatu den arren, ez da bizikletak alokatzeko posturik jarri. Are gehiago, toki batzuetan bizikletak daude, edo hobeto esanda, bizikleta abandonatuen hondarrak, herdoilduak. Udalak ez ditu txatarra hauek jasotzen. Hala ere, kaletik erabiltzen diren bizikletak kentzen ditu.
Formalki eskatzen dugu bizikletaren erabilera errazteko neurriak har daitezela, hala nola aparkalekuak instalatzea. Ametzagaña kalean bat edo bi behar dira, aurreko astean 35 bizikleta kontatu baikenituen gaizki aparkatuta kale horretan. Karmengo Andre Mariren goiko partean ere aparkalekuak jartzea komeniko litzateke, esaterako, Benita Asas plazan, Polloen.
Era berean, bide gorrien erabilpen arautua errespetatzea eskatzen dugu; izan ere, denetik ikusten dugu bide gorrietan, baita patineteak espaloietan ere.