Larunbateko estropada etxetik jarraitzeko deialdia egin dute antolatzaileek
Larunbatean VIII. Caixabank bandera egingo da Kontxan, Kaiarriba Donostiarrak antolatua. Eusko Label eta Euskotren ligen hirugarren bandera izango da asteburukoa, joan den asteburuan bi bandera izan baitziren Coruñan. Koronabirusa dela eta, antolatzaileek eskatu dute estropada hedabideen bitartez jarraitzeko, eta ez bertaratzeko.
Printzipioz, iragarri dute espazio publikoak eta sarbideak ez dituztela mugatuko, ezta portura, ezta Urgullera eta Pasealeku Berrira ere, baina ezingo da inguruan talderik eratu. Alegia, modu librean ibili ahal izango da estropada eremu ingurutik, baina taldeak ez sortzea kontrolatuko da. Era berean, kirolariei gordetako espazioa zein den adierazteko seinaleak jarriko dituzte. Bestalde, portuan maskarak erabili beharko dira.