Zer iritzi dute Kontxako bidegorriaren erabiltzaileek obra berriari buruz?
Uztailaren 2an Kontxako bidegorri berritua ireki zuten ia lau hilabeteko obren ostean. Kontxako barandaren zati bat eta kostaldera ematen duen horma berritzeaz gain, bidegorri zaharra oinezkoentzat bihurtu dute, eta erdigunetik Antiguaranzko errepideko errail bat bidegorri egin dute. Hala, errepideak errail bakarra du noranzko bakoitzean, eta bidegorria eta espaloia zabaldu egin dira.
“Bidegorriaren bazterra askoz seguruagoa da orain”
Angel eta Ane
Angel: Bidegorriaren zati hau oso ondo geratu dela uste dut. Berrikuntza azpimarragarriena bidegorriaren eta errepidearen artean jarri duten oztopo fisikoa da niretzat. Bazterra askoz seguruagoa da orain, haurrekin ibiltzeko batez ere. Posible den heinean ondo ikusten dut horrelako obrak egitea, hirian txirrindaz ibiltzea errazten baitu.
Ane: Primeran geratu da! Oso ondo iruditzen zait bidegorriak hobetzea.
“Errai bat gutxitzeak trafikoa handitu dezake”
Lukas
Pertsonalki bidegorri berria gustatzen zait, baina egia da lehen nahiko kaskar zegoela. Obra berriarekin espazio gehiago dago txirrindaz mugitzeko edo paseatzeko. Lehen estuegia zen eta eskertzen da tarte gehiago izatea. Seguruago ibiltzeko aukera dugu orain hemen, baina errepidean errai bat gutxitzeak trafikoa handitzea ere eragin dezake.
“Hobetzeko gauza asko daude oraindik”
Virginia
Obra positiboa dela uste dut, ibiltzaileentzat leku gehiago dagoelako. Batez ere, jende asko ibiltzen den pasealekua baita. Bidegorria ere zabalagoa da gainera. Donostian zortea dugu bizikletaren erabilera asko sustatzen delako, baina egia da hobetzeko gauza asko daudela eta esfortzu gehiago egin behar direla; bidegorrien hobekuntzan, batez ere.