Adin guztietakoek egiteko moduko hiru orientazio zirkuitu sortu dituzte, Ulia mendia ezagutzeko
Ulia Interpretazio Zentroak eta Gipuzkoako Orientazio Taldeak (GOT) adin guztietakoek egiteko moduko hiru orientazio zirkuitu prestatu dituzte. Bi helbururekin sortu dituzte: alde batetik, orientazio kirola sustatzea, eta bestetik, Ulia mendiaren ingurumen eta natura aberastasuna ezagutzera ematea.
Interpretazio zentroko arduraduna da Oihana Orkolaga, eta honakoa adierazi du: “Orientazioa berez kirol bat da, baditu bere liga eta bere txapelketak. Guri aukera ona iruditu zaigu jendea naturara beste modu batean erakartzeko, eta Uliara beste mota bateko jendea erakartzeko”.
Azaldu duenez, orientazio zirkuituen funtsa da mendi batean sakabanatuta dauden balizak aurkitzea, eta horretarako erabiltzen dira mapa bat eta parte hartzaileen gaitasuna. Uliako zirkuituen kasuan, balizen ordez, Uliako leku zehatz eta esanguratsuak aukeratu dituzte, eta parte hartzaileek horiek aurkitu beharko dituzte, sortu dituzten mapen azalpenak jarraituz: “GOTen laguntzarekin hiru zirkuitu diseinatu ditugu, bakoitza zailtasun maila desberdinarekin: lehenengoa, hastapenekoa da, hasiberrientzat eta familientzat; bigarrenak, zailtasun maila ertaina du, kirol hori ezagutzen duen jendearentzat, treba daitezen; azken ibilbidea zailagoa eta luzeagoa da, adituei eskainitakoa”, adierazi du Orkolagak.
Urte osoan zehar egin ahalko dira zirkuituak, eta egin nahi dituztenek Ulia Interpretazio Zentrora jo beharko dute, mapak dohainik eskuratzeko. Zentroaren ordutegia honakoa izango da uztailean eta abuztuan: asteartetik igandera, 11:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara.