"Eguna gerturatu ahala, urduritasun eta ezjakintasun handia sentitzen hasi naiz"
Murtziakoa bada ere, Gipuzkoan daramatza urte batzuk Laura Rek. Igandeko hauteskundeetan mahaiko lehendakaria izatea egokitu zaio Groseko Biteri-Zuhaizti eskolan.
Zer egokitu zaizu?
Lehendakari izatea egokitu zait, Groseko Biteri-Zuhaizti eskolan. Eskola horretan bozkatzen dudan hirugarren aldia izango da. Izan ere, Murtziakoa naiz, baina dagoeneko urte batzuk daramatzat Gipuzkoan.
Mahai batean egotea egokitzen zaizun lehen aldia da?
Bai. Oraindik Murtzian bizi nintzela alderdi bateko ahaldun bezala aritu izan naiz, boluntario gisa. Baina mahai batean aritu behar naizen lehen aldia da.
Nola sentitzen zara?
Orain arte, nahiko lasai hartu dut. Baina, eguna gerturatu ahala, urduritasun eta ezjakintasun handia sentitzen hasi naiz. Izan ere, hauteskundeetan zer egin behar den jasotzen duen ohiko liburuxka etxera bidali dute. Baina horretan segurtasun neurriez ez dute ezer aipatzen. Alegia, ez digute bete beharreko segurtasun neurrien inguruko liburuxka konkreturik bidali, ezta informaziorik eman ere. Edo nik, behintzat, ez dut jaso. Ondorioz, ez dakigu nola antolatu behar garen, zein segurtasun neurri bete behar ditugun, ez guk, ezta bozkatzera datozen pertsonek ere. Esaterako, bozkatzera datorren norbaitek esaten badit koronabirusa duen norbaitekin bizi dela, zer egin behar dut? Eta, gainera, kasu honetan, ni naiz lehendakaria eta nire ardura da erabakiak hartzea. Horregatik guztiagatik diot ezjakintasunarena eta urduritasunarena.
Gainera, hauteskundeak lan egun luzeak izaten dira mahaian zaudetenontzat.
Hala da. Eta gainera, kasu honetan, ez dakigu zenbat luzatu ahal diren. Esaterako, bozak, normalean, taldetan zenbatzen dira, alderdietako apoderatuen laguntzarekin. Baina kasu honetan, hori ere nola egingo dugun ez dakigu.