Gipuzkoako lau obra salatu ditu LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzan

Hainbat lan bisitatu ditu LABek Gipuzkoako eraikuntzaren hitzarmena betetzen dela bermatzeko. Ikusitakoaren ondoren, lau obra salatu dituzte Lan Ikuskaritzan, aipaturiko hitzarmena ez betetzeagatik. Bi obra publikoak dira, eta horietako bat Ibaetan dagoen Gipuzkoako Ogasuneko fatxada berritzea da. Bestalde, Igaran egiten ari diren zaharren egoitza baten lanak ere ez du hitzarmena betetzen.
Ogasuneko fatxada berritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak Arabako Indenort S.L. enpresa kontratatu du, eta honek lan horiek Bizkaiko Euskogres S.L. enpresari azpikontratatu dizkio. Azken honek, Bizkaiko eraikuntzaren hitzarmena aplikatzen die Errotaburuko obran lan egiten duten langileei. Beste obra publikoa Arrasate-Elorrio-Bergara zatian Abiadura Handiko Trena eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa da. “Obra honetan jakin dugu langileak 8 ordu ari direla fitxatzen, baina egunero 11 ordu egiten ari direla astelehenetik ostiralera. Kasu honetan, gainera, dokumentuen faltsutze delitu baten aurrean egon gaitezke, eta hori oso larria iruditzen zaigu”, azaldu du LABek.
Igarako zaharren egoitzaren eta Astigarragako etxebizitza batzuen eraikuntzari dagokionez, salatutako enpresak azpikontratatutakoak dira, eta langileei beren jatorrizko hitzarmenak aplikatzen ari zaizkie, Burgosko eta Madrilgo hitzarmenak, hurrenez hurren.
“Salatutako 4 obretan izendatzaile komun bat dago, azpikontratazioa kostuak merkatzeko erabiltzea, langile horiei gutxieneko soldatak ez errespetatzea dakarrena. Administrazio publikoak, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Aldundia dira lurraldeko sektoreko hitzarmena betetzen ez dutenak. Oso larria iruditzen zaigu, eta, horregatik, salaketen kopia bat aurkeztu diegu bi erakundeei, egiten ari direnari erantzuteko”, nabarmendu du sindikatuak.