Jose Antonio Arzak Realeko jokalari ohia zendu da

Atzo hil zen Jose Antonio Arzak Iriondo Pela Realeko jokalari ohia, 77 urte zituela. Talde txuri-urdinak doluminak adierazi dizkie bere familiari eta gertukoei. “Gure jokalari handienetako bat joan zaigu, gaur egun ezagutzen dugun Reala eraikitzen lagundu zuen futbolari horietako bat”, azaldu du Realak. Minutu bateko isilunea gordeko da bihar Anoetan, Realaren eta Granadaren arteko ligako partida jokatu baino lehen.
Donostian jaio zen 1943ko urtarrilaren 12an. 1962ko irailaren 16an egin zuen debuta lehen taldearekin, Reala eta Ourenseren arteko partidan (6 eta 1). Garai hartan talde txuri-urdina bigarren mailan ari zen, Reala indartu zen garaiko protagonistetako bat izan zen. “Gure historiaren une garrantzitsuenetako bat izan zen Puertollanoko heroietako bat izan zen”, azpimarratu du Realak. Europarako lehen sailkapena lortzen lagundu zuen, baina ez zen txapelketa horretako partidarik jokatzera iritsi.
1975ean erretiratu zen arte, Arzakek 340 partida jokatu zituen txuri-urdinez jantzita, eta 70 gol egin zituen. Bestalde, 1979 eta 1985 bitartean Gipuzkoako Futbol Federakuntzaren presidente izan zen.