Kalitatezko osasun publiko baten aldeko elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean
Koronabirusaren krisiak agerian utzi du zerbitzu publikoen garrantzia, horregatik, kalitatezko osasun publikoaren aldeko elkarretaratzea egingo dute gaur, hilak 9, Bulebarrean, 18:00etan. ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deitu dute elkarretaratzera, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari hainbat neurri hartzeko eskatzeko: Osasun publikorako aurrekontu partida bat egiteko, EBko batez bestekoarekin parekatuko dena; langile kopurua handitzeko, iruzurrean ezkutatuta dauden enpleguak egiturazko pertsonalean txertatuta; pertsonala egonkortuko duten eta Osakidetzak diru publikoarekin prestatutako profesionalen ihesa saihestuko duten behin-behineko langileak sendotzeko; murrizketa guztiak lehengoratzeko: erosteko ahalmena berreskuratzea, Itzarri, garapen profesionala eta erretiro aurreratuaren primak; zerbitzu pribatizatuak arlo publikora itzultzeko, dagoen enplegua galdu gabe eta pertsonalaren osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzeko, bai koronabirusaren berragertze baten aurrean, bai haren eguneroko lanean: kategoria guztietarako babes material nahikoa eta egokia; arreta maila guztietako lan-arriskuak baloratzea eta prebentzio eta babes neurriak hartzea; arrisku psikosozialak ebaluatzea, lan-kargen ondoriozkoak barne, eta neurri zuzentzaileak hartzea.
Osakidetzako langileek pandemian zehar egindako ahaleginak osasun publikoaren gabeziak arindu dituela nabarmendu dute, baina baita ahalegin horrek ondorioak izan dituela ere: “Langileak akitu dira, fisikoki eta psikologikoki. Ikusi besterik ez dago profesional bat hil dela, eta 2.000 profesional baino gehiago kutsatuta daudela, babes neurririk ez izateagatik. Positibo horiek EAEko positibo guztien %18 izan dira, eta ESI batzuetan pertsonal osoaren %20 izatera iritsi dira”.