'Sukalmena' proiektua abiatu du Basque Culinary Centerrek, gastronomiari eta diabetesari buruz ikertzeko
Sukalmena egitasmoa jarri dute abian Basque Culinary Centerrek eta Nafarroako Unibertsitateak, gastronomiari, nutrizioari eta diabetesari buruz ikertzeko. Hain zuzen, sukaldaritza ikastaroek diabetesa duten pertsonengan duten eragina aztertu nahi dute, baita nutrizio hezkuntzak haiengan duen eragina ere.
Proiektuaren izena sortzeko, euskarazko bi hitz elkartu dituzte, sukaldatu eta ahalmena, eta Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea Programaren finantzaketa jaso du. Basque Culinary Centerreko Usune Etxeberria eta Lucia Gayosok doktoreek, eta Estefania Simon eta Paula Toran chefek zuzenduko dute ikerketa; haiekin batera ariko dira Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko Leticia Goñi dietista-nutrizionista eta Miguel Ruiz-Canela doktorea.
“Gure sailean egiten ditugun ikerketen osagarri ederra da hau. Mediterraneoko dieta erabiltzen dugu gaixotasun kronikoen prebentziorako interbentzio ikerketa askotan, eta horietan ematen ditugun nutrizio informazio eta gomendioak praktikan jartzeko modu ona da sukaldaritza teknikak hobetzea”, azaldu du Goñik. Hain zuzen, Sukalmena ikerketarako boluntario bila ari dira orain, eta parte hartzen dutenei “sukaldaritza teknika osasuntsuak” erakustean datza proiektua.
Ikerketan parte hartzeko, hainbat ezaugarri bete behar dira: 2. motako diabetesa izatea, gainpisua edo gizentasuna izatea, Donostian bizitzea, intsulinarik ez erabiltzea, eta 18-70 urte izatea. Interesa dutenak antolatzaileekin jarri behar dira harremanetan, eta horretarako, hainbat modu jarri dituzte: alde batetik, Sukalmena egitasmoaren webgunera sartuta; bestetik, proyectosid@bculinary.com helbide elektronikora mezu bat bidalita; hirugarrenik, 683 51 25 69 eta 682 39 53 26 telefonoetara deitu daiteke.
Azaldu dutenaren arabera, Mediterraneoko dieta onuragarriena da diabetesa duten pertsonentzat, bere ezaugarri nagusia direlako ia prozesatu gabeko elikagaiak. Ruiz-Canelak azpimarratu du garrantzitsua dela etxeetara dietei eta nutrizioari buruzko informazioa modu egokian iristea. Hain zuzen, Sukalmena egitasmoak horretan lagunduko duela uste dute.