Urteurrena ospatzeko estropada
Union Artesanak 150 urte bete zituen maiatzaren 14an. Urteurrena dela eta antolatutako egitarau zabala bertan behera utzi behar izan zuten koronabirusa dela eta, baina jardunari berriro ekingo diote asteburuan. Izan ere, Donostiarra Arraun Elkarteak larunbatean antolatu duen estropadan elkartea omenduko du.
Arraunak Donostia hartuko du berriro larunbatean. Kaiarriba Donostiarra Arraun Elkarteak VIII. Caixabank bandera antolatu du Kontxan, Eusko Label eta Euskotren ligako hirugarrena. Baina arraunaz haratago, jardunaldiak beste protagonista bat izango du: Union Artesana. Izan ere, maiatzaren 14an 150 urte bete zituen elkarte gastronomikoak. Azken hilabeteetan, koronabirusagatik urteurreneko jarduera guztiak bertan behera utzi ondoren, larunbateko omenaldiarekin berriro ekingo diote ospakizunari.
“Guretzat zoragarria da eta oso eskertuta gaude”, kontatu du Alex Naya Union Artesanako diruzainak. 150. urteurrena ospatzeko egitasmotan pentsatzen ari zirela, Donostiarrarengana jo zuten, eta biek adostu zuten uztaileko estropadan zerbait egitea. “Lehenengo ideia zen elkartea banderaren erdigunean izatea, hura babestuz, eta banderan Union Artesana izena gehituz”, kontatu du Alberto Lopez Donostiarrako lehendakariak. “Baina ondoren ikusi genuen ez zela posible izango, dagoeneko babesle bat baitzegoen. Beraz Union Artesana hor egon dadin beste modu bat bilatu dugu”, azaldu du Lopezek. Alegia, omenaldi bat egingo diote.
Egitasmoa 13:00etan hasiko da, elkarte gastronomikoan egingo den bazkari batekin, non Union Artesanako bazkideak, erakundeak eta babesleak izango diren bertan. “50 pertsona inguru”, Nayaren hitzetan. Ondoren, Ciudad de San Sebastian katamaranean abiatuko dira. “Union Artesanako 30 bat bazkide estropada ikustera etorriko dira, zuzendaritzarekin eta klubeko jendearekin batera”, esan du arraun taldeko lehendakariak. Nesken zein mutilen txanda amaitu ondoren, Donostiarrako arraunlari bakoitzari Union Artesanako zapi bat emango diete, hura janzteko lehorreratzean. “Eta, batek daki, bandera edo patroien maillotak jasotzera joan beharko balira, polita da Union Artesanako zapiarekin joatea”, azpimarratu du Lopezek. Joan den asteburuan lortutako emaitzak ikusita, lehendakariaren desira egia bihurtu daiteke.
Hasiera batean, festa handiagoa egitea ere pasa zitzaien burutik, elkarte gastronomikoko diruzainak dioenez, “musika eta guzti. Baina egoera kontuan izanda ez dugu beste ezer egin nahi, jendea pilatzea ekiditeko”. Are gehiago, estropada hedabideetan eta etxetik jarraitzeko deialdia luzatu dute antolatzaileek. “Portutik, Pasealeku Berritik zein Urgulletik modu librean ibili ahal izango da, ez baita hesirik jarriko, baina ezingo dira taldeak osatu, eta horiek ekiditeko kontrolak egingo dira. Gainera, maskara erabili behar izango da”, kontatu dut Lopezek.
Protokoloak alde batera utzita, gogoz daude: “Ilusioa egiten digu Donostiarrak, 150 urteurrena dela eta, Union Artesanari egingo dion errekonozimendu honek”, berretsi du Nayak. “Gu ere pozik gaude”, gehitu du arraun elkarteko lehendakariak.
Harreman historikoa
“Arraunak eta elkarte gastronomikoek betidanik izan dute harremana hirian”, dio Lopezek. “Oro har, arrauna herri desberdinetako arrantzale kuadrillekin hasi zen, baina ondoren, Donostian batik bat, elkarte gastronomikoek kuadrilla horien testigantza hartu zuten, azkenik kirol taldeetara pasa zen arte”, azaldu du. Zehazki, Union Artesanak ia bere sorreratik izan zuen lotura kirol honekin. 1890ean -elkarte gastronomikoa sortu zen urtean— Bilboko Klub Nautikoak estropada bat antolatu zuen, Kantauriko garaiezinak izenpean, eta Ondarroak irabazi zuen. “Pike handia izan zen, ez baitzituzten traineru guztiak gonbidatu, eta Kontxako bandera irabazi berri zuen Donostiako traineruak erronka proposatu zion Ondarroari, ikusteko bietako nor zen hobea”, kontatu du Artesanako diruzainak. Traineru hori osatzeko hainbat arraunlari fitxatu zituzten. “Irabaztekotan, saria zen duro bat, eta hilabetez egunero-egunero bazkaria elkarte gastronomiko batean. Elkarte gastronomiko hori Union Artesana izan zen. Eta, noski, Donostiak irabazi zuen estropada”, dio pozez Nayak.
Mende bat baino gehiago pasa ondoren, Donostiak tripulazio bakarra izateko nahia mahai gainean jarri zenean, “proiektua babesteko” hainbat bilera egin ziren elkartean. “Eta, kasualitatez, Alberto Goitia Donostiarrako lehen lehendakaria Union Artesanako bazkide ere bazen”. Egun, harreman estu horrek bere horretan jarraitzen du, larunbateko egitasmoak erakusten duen bezala. Are gehiago, Donostiarrako KAE-1ko traineruko arraunek hiriko hamahiru elkarte gastronomikotako armarriak daramatzate, bakoitzak bana. Besteak beste, Union Artesanarena.