"Bizi dugun egoeran barre egiteko eta eginarazteko gogoa nuen, behar dugula uste baitut"
Uztailaren 12ko hauteskundeetan lehenengo ordezkari izatea egokitu zaio, eta umorezko bideo ironiko bat egin du egoeraz barre egiteko.
Nola konturatu zinen hauteskundeetan lehenengo ordezko izango zarela?
Jende askori bezala, Donostiako Udalaren webguneko esteka bat iritsi zitzaidan, ea mahaian egotea egokitu zitzaidan ala ez ikusteko, eta ohartu nintzen lehenengo ordezkoa izatea egokitu zaidala.
Uste duzu mahaira joan beharko duzula?
Ni lehenengo ordezkoa naiz, eta badirudi arrazoi ezberdinengatik, normala den bezala, jende askok lortu duela mahaian ez egotea justifikatzea. Ni gaztea naiz eta nire egoera pertsonala besteen oso ezberdina denez, egun osoan mahaian egoteko aukera asko daude.
Bizi dugun egoera zaila dela ikusita, hauteskundeak egitea beharrezkoa iruditzen zaizu?
Nik ezin dut politikari gisa hitz egin, ez bainaiz politikaria, baina pentsatzen dut arrazoiren bat egongo dela hauteskundeak egoera honetan egiteko. Baina herritar bezala, iruditzen zait hauteskundeak ez direla hain premiazkoak. Ez zait iruditzen egoera egokia denik hauteskunde batzuk egiteko, nahiz eta politikari buruz ezer ez jakin.
Zer nolako neurriak hartu beharko dituzue hauteskunde egunean?
Printzipioz maskara kirurgikoak utziko dizkigute bozketak iraungo dituen orduetan, eta eskuak garbitzeko gela ere izango dugu beti alboan. Bozketa amaitu eta kontaketa hastean babes indibidualerako ekipamendua eta eskularruak utziko dizkigute.
Eta testik egin beharko duzue?
Guri oraindik ez digute ezer esan, gero agian egingo digute test azkarren bat, baina ez dut uste, bidali diguten liburuxkan dagoen osasun-neurrien atalean ez baitago proben inguruko aipamenik.
Lehenengo ordezkoa izatea egokitu zaizula aprobetxatuz umorezko bideo bat egin duzu. Nola otu zitzaizun bideoa egitearen ideia?
Nire erronka pertsonala umorea beste puntu batetik lantzea da, nire errealitatetik lantzea. Hau dela eta, umorezko hiru bideo egin ditut jada, eta hauteskundeak bideo dibertigarri eta ironiko bat egiteko aitzakia perfektua zirela iruditu zitzaidan, eta bizi dugun egoera kontuan hartuta, barre egiteko eta eginarazteko gogoa nuen, behar dugula uste baitut.
Azken hilabeteetan gertatu zaizkidan egoera xelebreak ere islatu nahi nituen, maskara duen pertsona batekin hitz egiten egon eta ezer ere ez ulertzea, adibidez. Maskaren kontuarekin hala ere beste hamaika bideo egin daitezke, jokoa ematen du.
Momentu zailetan umorea aurrera egiteko tresna dela uste duzu?
Erabilgarria da, nahiz eta beti ez duen funtzionatzen. Pandemia hau bizitzea egokitu zaigu eta ez da erraza, baina niretzat barre egitea oso garrantzitsua da, eta beste pertsona batzuek barre egitea lortzen badut gehiago poztuko naiz.