Bizikletek espazioa irabazi diete autoei
Ibilgailu motordunentzat bi errei utzi dituzte Kontxan, bidegorria eta espaloia zabalduta. Kalapie Txirrindularien Elkartea pozik agertu da, eta horrelako esku hartze gehiago behar direla nabarmendu du.
Kontxako bidegorria eraiki eta hemezortzi urtera, berritu egin du Donostiako Udalak, aurrekoa txiki gelditu baitzen. Izan ere, 2002an eraiki zutenean, egunean 1.500 txirrindularik erabiltzen zuten bidegorria, batez beste. Erabilera hirukoiztu egin da, egunean 5.200 txirrindulari zenbatu baitziren 2018ko abuztuan, batez beste.
Kontxa pasealekuaren azken zatiaren –Antiguako tuneletik hurbilen dagoena– berritze lanekin lotura du egin duten bidegorri berriak. Zona horretako baranda aldatzen eta horma konpontzen hasi ziren iazko urrian, baita espaloia zabaltzen ere. Hasieran ez zuten bidegorria zabaltzea pentsatzen, baina esku hartze hori egiteko beharra ikusi zuten azkenean.
Kontxako bidegorriaren azken 227,29 metroak berritu dituzte, eta 2,25 metroko zabalera izatetik, hiru metro izatera pasa da. Era berean, espaloiak sei metroko zabalera du orain, lehen 4,25 metro zituen bitartean. 2002an bidegorria egin zutenean, errepideko lau erreietako bat kendu zuten, eta orain beste bat kendu dute, ibilgailuentzako bi errei soilik utzita: norabide bakoitzerako bat. Bestalde, 60 zentimetroko zabalera duen baranda bat jarri dute bidegorriaren eta errepidearen artean, eta lorategi txiki bat bidegorria eta espaloia banatzeko. Proiektu osoak 1.731.424,78 euroko kostua izan du, eta bidegorriak, zehazki, 252.134,21 eurokoa.
Kalapie, pozik
Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartea pozik agertu da bidegorri berriarekin, euren “aspaldiko aldarrikapen bat” baitzen espaloia eta bidegorria zabaltzea. Hala ere, txirrindularien segurtasuna bermatzeko bidean, ibilgailuen abiadura 30 kilometro ordura mugatu behar dela nabarmendu dute. Era berean, bidegorriak Zumalakarregi etorbidetik jarraitu behar duela deritzote, zona horretako bidegorria espaloitik joan beharrean, errepidera pasata.