Gida bat sortu dute bizilagunek euren eskubideak ezagutu ditzaten
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak urteetako esperientzia baliatu du bizilagunen eskari bati erantzuteko: gida batean jaso dituzte pertsonen, jarduera ekonomiko eta komertzialen, eta Donostiako Udalaren arteko bizikidetza arautzen duten oinarrizko araudi eta legeak.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen helburua da, gainerako auzo elkarteena bezalaxe, bizilagunen ongizatea bermatu eta euren eskubideen alde lan egitea. 2012an sortu zenetik, hamaika aldarrikapen eta beste hainbeste borroka egin dituzte, herritarrentzat bizigarria izango den Parte Zahar baten alde. Urte horietan guztietan, arazo eta buruhauste ugari izan dituzte, eta horiei aurre egiteko ezinbestekoa izan zaie lege eta udal ordenantzetara jotzea, euren borrokak oinarritu eta indartzeko. «Ez daukagu lege eta arauen gaineko ezagutza espezifikorik, baina elkartea sortu zenetik, etengabe jo behar izan dugu horietara», idatzi dute gidaren sarreran.
Xabier Arberas elkarteko presidenteak azaldu duenez, urtero egiten dituzte auzo batzarrak, eta horietan auzoarekin zerikusia duten gaiak jorratzen dituzte: «Batzuetan batzar monografikoak izaten dira, gai batek arreta berezia behar duelako une horretan; bestela, orokorrak izaten dira», azaldu du. Lanean aritu diren urteetan eta batzarretan konturatu dira bizilagunen ongizateari eragiten dioten gaiak behin eta berriro errepikatzen direla, eta horren aurrean, ezjakintasuna dela nagusi: «Gaiak errepikatzen zirela ikusteaz gain, konturatu ginen herritarrok ezagutza kaskarra dugula gure eskubideen inguruan».
Horrela, 2018an, horri konponbidea aurkitzeko erabaki bat hartu zuten, eta horrela sortu zen otsailean argitaratu zuten gida egiteko ideia. «Aurretik, 2015 inguruan, protokolo moduko bat sortu genuen terrazen erregulazioari buruzkoa, baina inoiz ez dugu gida orokor bat egin», gehitu du Arberasek.
Gida egiteko prozesuan, hainbat gako nabarmendu ditu Parte Zaharrekoak. Alde batetik, azpimarratu du auzo elkartearen esperientziatik sortutako egitasmo bat izan arren, auzotarrek askotan egindako eskarietan duela oinarria, izan ere, bizilagunek auzo elkartearengana jotzen dute askotan gai horietan laguntza eskatzeko. Bestetik, kontatu du ez dela prozesu laburra izan, «konplexua» izan delako horrenbeste lege eta ordenantza modu dibulgatiboan antolatu eta azaltzea. «Zortzi urte inguruko ibilbidean denetarik jorratu behar izan dugu, eta eduki asko jaso nahi izan ditugu gidan», adierazi du.
Halaber, jakinarazi du Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak Parte Zaharra banatzeko duen moduak ez diela prozesua erraztu: «Hiru zatitan banatzen dute gure auzoa: kaskoa, ensantxea eta kaia. Eta horrek asko zailtzen du dena», adierazi du Arberasek. Honakoa ere gaineratu du: «Antolamendu horrek soziologikoki eta sozialki ez dauka zentzurik; askotan esan izan dugu hori».
Otsailean argitaratu zuten gidak bizilagunen ezagutza eta baliabideak handitzeko helburua du, baina Arberasek nabarmendu duenez, «fokua» udalarengan jarri nahi dute. «Udalari ahaztu egiten zaio, oso maiz, ordenantza horiek izan badirela. Haren politikan nagusi da pasibotasuna edota tolerantzia, jarduera ekonomiko batzuen mesedetan eta auzoan bizi garenon kalterako», kritikatu du auzo elkarteak gidako sarreran.
Sei esparru
Arberasek azaldu duenez, prozesuaren beste zati bat izan da sortutako edukiari forma ematea, hau da, gidaren diseinu eta inpresio lanak egitea. Sortu duten liburuxkan, sei esparru nagusi jorratu dituzte, eta horien inguruko lege eta arauak tauletan jaso dituzte: ostalaritza; saltokiak eta eremu publikoaren okupazioa; mugikortasuna eta zamalanak; etxebizitza turistikoa, hondakinak biltzea; eta zarata eta kutsadura akustikoa. Liburuxka euskaraz eta gaztelaniaz dago, eta kasu askotan galdera-erantzunen bitartez idatzi dute informazioa. Esaterako, ostalaritzari dagokion atalean, honako galdera jaso dute taulan: «Zerbitzatu al daitezke edariak taberna bateko leihotik?». Honela jaso dute erantzuna: «Bide publiko bateko fatxadara ematen duten leiho edo baoak ezingo dira erabili jendeari edariak zerbitzatzeko». Halaber, taulan hiru zutabetan banatu dituzte Hiri Antolamendurako Planak zehazten dituen Parte Zaharreko hiru eremuak.
COVID-19aren eragina
Otsailean argitaratu zuten gida, eta auzo elkartekoak esandakoaren arabera, jendaurrean zabalpena emateko asmoa zuten, baina COVID-19aren pandemia dela eta, haien asmoak bertan behera gelditu dira. Parte Zaharrak ere nabaritu ditu pandemiaren eraginak, baita konfinamenduaren arintzearenak ere. Esaterako, asteartean, auzo elkarteak ohar bat zabaldu zuen salatzeko Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez dituztela neurriak jarri COVID-19aren kutsatze arriskuak gutxitzeko, gainerako bizilagunekin elementu komunak dituzten etxebizitza turistiko, pentsio, ostatu eta ostalarien komunitateetan. «Lehen turistak iritsi dira, eta ez dute protokolorik egin horretarako», adierazi du haserre Arberasek.