Historia gozo eta luzea
1886an hasi zuen bidea Otaegui gozotegiak. Ordutik, ospe eta aitortza zabala irabazi du hirian zein hemendik kanpo. Aski ezaguna den pantxinetaz gain, askotariko produktuak saltzen dituzte, hirian dituzten lau lokaletan.
Bide luzea egin du gaur arte Otaegui gozodendak. Ziurrenik, hiriko gozo denda zaharrenetako bat da –zaharrena ez bada–, eta gaur egun, lau lokaletan saltzen dituzte euren produktuak, baita euren zerbitzuak eskaini ere.
Aurten, 134 urte bete dira lehenengo Otaegui gozotegia zabaldu zutenetik; hain zuzen, 1886an zabaldu zuen lehen saltokia Josefa Martina Otaegi Aizpuruk, Parte Zaharreko Narrika kaleko 18. zenbakian. Beizamakoa zen emakumea, eta Donostiara mugitzea erabaki ostean, gozo denda irekitzeko adorea izan zuen, Raimundorekin, bere senarrarekin. Garai hartan, zirkulazio handiko kalea zen hura, izan ere, hirira sartzen ziren diligentziek Sarriegi plazan egiten zuten geldialdia, ondoren San Bizente elizara joateko. Lehen denda hartan, gozogintzako produktuak saltzeaz gain, jangaiak, kontserbak eta kandelak saltzen zituzten; antza denez, ohikoa zen gozo dendetan kandelak saltzea, pastelak egiteko erabiltzen zuten eztiaren jatorri bera baitzuen horiek egiteko argizariak.
Urte batzuk beranduago, Martinak saltokia bere anaia gaztearen eskuetan utzi zuen: Pedro Otaegik eta Emiliana Malkorak, bere emazteak, jarraitu zuten gozotegiarekin. 1915ean, beste aldaketa nabarmen bat egin zuten: auzoz aldatu zuten denda, Narrika kaletik Mirakruz kalera. Han, urrezko urteak bizi izan zituen gozotegiak, belle epoque-arekin batera, hain zuzen. Otaegitarren oinarri vienar eta frantsesa zuen gozogintzak arrakasta itzela izan zuen hirian, baita Errege-etxeko kideengan ere.
1933an, sekulako uholdeak izan ziren Gipuzkoan, eta horien ondorioz, Mirakruz kaletik Narrikara aldatu zuten berriro negozioa. Hortik aurrera, gozotegiak lortutako arrakastari jarraituta, beste hainbat lokal zabaldu zituzten: 1945ean Garibai kaleko gozo denda, txokolategia eta te aretoa zabaldu zuten, gaur egun San Martin kalean dagoena; 1986an Antiguara egin zuten salto, Matia kalera; eta Grosera itzuli ziren 1996an, Secundino Esnaola kalean beste denda bat irekita.