San Martin kaleko itxierak hiriko zirkulazioa zeharo aldatuko du urtebetez
Metroa egiteko lanak direla eta, San Martin kalea, hiriko kale nagusienetako bat, guztiz itxiko dute urtebetez, eta Erdialdeko zirkulazioa erabat moldatuko dute. Era batera edo bestera, herritar guztiei eragingo die itxierak, baina ikusteko dago zein ondorio izango dituen.
Euskal Trenbide Sarearen (ETS) aurreikuspenen arabera, datorren asteartean, hilaren 14an, itxiko dute guztiz San Martin kalea, Donostiako Metroa egiteko lanen bigarren fasearekin jarraitzeko, Erdialdearen azpian. Itxiera uztaileko lehenengo egunetan egitea zen ETSren aurreikuspena hasieran, baina pandemia dela eta, atzeratu behar izan dute. Eneko Goia Donostiako alkateak ez zuen itxiera egiteko datarik zehaztu astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, baina datorren astean egingo dutela baieztatu zuen. Astekari honen edizioa ixteko momentuan, udalak oraindik ez du kalea ixteko egun zehatza jakinarazi. Bestalde, aurreikuspenen arabera, urtebetez itxiko dute San Martin, 2021eko uztailera arte. Denbora tarte horretan, metroa egiteko lanek Artzain Onaren katedralaren aurreko zona guztia hartuko dute, San Martin kaleak Urbieta kalearekin bat egiten duen puntutik aurrera, hain justu.
Otsailean San Martin kaleko zirkulazioa murriztu zuten jada, errei bakarra utzita. Ordutik, soilik autobusak, taxiak eta motorrak pasa daitezke San Martinetik, eta gainerako ibilgailuak Urbieta kaletik desbideratu behar dira Parke kaleraino, hortik Gernikako Arbola pasealekuan sartzeko, Santa Catalina zubira iritsi arte. San Martin ixten duten unetik aurrera, autobusek, taxiek eta motorrek ibilbide bera egin dezakete, baina Easo kaletik ere desbideratu daitezke, Askatasunaren hiribidera heltzeko. Udalak azaldu duenez, azken hori da autobus gehienek egingo duten ibilbidea.
Easo kalea orain arte itxita egon da San Martin kaletik Zubieta kaleraino, Metroa egiteko lanengatik, baita ere. Orain, ordea, errei bat irekiko dute Easo kalean, zirkulazioa hortik desbideratzeko.
San Martin kaletik autobus ugari igarotzen dira egunero, eta hainbat geltoki ere badaude kale horretan. Udalaren arabera, geltoki horiek guztiak Easo kalera eramango dituzte, garraio publikoaren zirkulazioarekin batera, hain zuzen.
Bestalde, San Martin kaleko mozketa erabatekoa izango da, eta beraz, bizikletak ere ezin izango dira pasa. Hala ere, udalak ez du zehaztu txirrindularientzako desbideratze berezirik egingo duten edo ez. Halaber, metroaren lanek Artzain Onaren katedralaren aurreko inguru guztia hartuko badute ere, oinezkoek hortik igarotzeko aukera izaten jarraitu dutela zehaztu du udalak. Horretaz gain, udalak nabarmendu du ez dutela aurreikusten inolako beste neurririk hartzea San Martin kalearen itxieraren inguruan.
Inguruko saltokiei ere eragingo die
San Martin kalea Donostiako kale garrantzitsuenetako bat den heinean, urtebetez ixteak herritar guztiei eragingo die, gehiago edo gutxiago. Segur aski, inguruko saltoki, taberna, kafetegi eta jatetxeei eragingo die gehien itxiera horrek, jarduera komertzial ugari baitago zona horretan.
Hori dela eta, udalak azaldu du ETS enpresa eta udala bera San Martin kaleko saltokiekin “harreman estua” mantentzen ari dela, bakoitzaren egoera eta lanek sortu ditzaketen kalteak aztertzeko eta euren eskaerak jasotzeko. Easo kaleko saltokiekin gauza bera egin zutela nabarmendu du udalak, eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) erdira jaitsi zietela.
Bestalde, udalak lanak presarik gabe egitearen garrantzia azpimarratu du, Zubieta kalean gertatutako lur jausiaren moduko istripu gehiago ez gertatzeko