Zerbitzua erabat berrezartzea eta kaleratuak itzultzea eskatu du Kurpilek
Autobus zerbitzu publikoaren murrizketen bukaera eskatzeko 150 pertsona inguru elkartu dira Donostiako Udaletxearen aurrean. Pandemia hasi zenetik Dbusek zerbitzuak murriztu ditu, eta nahiz eta konfinamendua amaitu, zerbitzuak murriztuta jarraitzen du. Egoera hau salatzeko hainbat eragile eta auzo elkarte Kurpil sindikatuak deituriko elkarretaratzera batu dira, murrizketa hauek “auzoei zuzen” eragiten baitie.
Kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzeaz gain, langabezian dauden gidariak lanera itzultzea eskatu dute. Langileen baldintza “kaskar” hauen harira Eneko Goia alkateak protestak baretzeko “hitz lasaigarriak” esan dituela gaineratu dute: “udal-langileen egonkortasun ekonomikoa bermatuko dela esaten digute”.
Protesta zaratatsua
Udaletxe ondoan egin dute elkarretaratzea, Hernani kalea eta Bulebarra elkartzen diren bidegurutzean. Protestan parte hartu duten askok zarata ateratzeko tresnak eraman dituzte, eta pankartaren paretik pasatzen ziren autobus-gidari guztiek ere klaxona jo dute haien ezinegona adierazteko.
Zarataz gain, lelo eta aldarrikapen ezberdinak oihukatu dituzte bertaratu diren pertsonek; gehienek udal arduradunak zituzten jomuga, Eneko Goia alkatea eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotzia batik bat. Arana entzun, autobusa %100, Autobusak auzo guztietara, Autobusa bai, metroari ez eta Auzo guztiek ordaintzen dute izan dira gehien entzun diren aldarrikapenak.
Herritarrak batu dira
Elkarte, eragile politiko edo sindikatuez gain, herritar asko hurbildu dira elkarretaratzera, zerbitzua hobetu behar dutela uste dutelako. Rosi Dbusen ohiko erabiltzailea da, eta zerbitzua “pandemiaren aurretik zegoen bezala” nahi du. Izan ere, normalean bi autobus hartu behar ditu Rosik, eta pandemiaren aurretik “autobus aldaketa oso azkar” egiten zuela esan du, eta orain asko itxaron behar duela azpimarratu du. “Deseskaladaren hasieran egia da jende gutxik hartzen zuela autobusa, baina orain udan gaude eta jende askok erabili nahi du autobusa”, dio. Horrez gain, autobusaren zerbitzua ohikoa baino murritzagoa izateak jende-pilaketak errazten dituela uste du Rosik, eta onartu du alternatibak bilatu behar izan dituela noizbait, taxia tarteko.
Deialdira batu diren elkarteak: Dbuseko enpresa-batzordea, Oletako Auzo Elkartea, Herripe Auzo Elkartea (Herrera), IZBE Intxaurrondoko Auzo Elkartea, Asociacion de baile SHOW TIME, Osteguna Auzo Elkartea (Larratxo), Sindicato ASADE, Plazandreok, Asociacion de Auxiliares Domiciliarias de Euskadi, Amara Berri Auzo Elkartea, Morlanstarrak Auzo Elkartea, Intxaurrondo Berri Emekumeen Elkartea, Larratxoko Ostadar Emakumeen Elkartea eta Intxaurdi Auzo Elkartea