EAJk irabazi ditu hauteskundeak Donostian
1994. urtetik parte hartze txikiena izan duten Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, parte hartzea ia hamar puntu jaitsi da Donostian, eta EAJ izan da nagusi.
Koronabirusaren pandemiak baldintzatutako Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan, azken 30 urteetako parte hartzerik baxuena izan da: hautesleen %52,96k eman du botoa, 2016an baino %7 gutxiago. Era berean, EAEko hautesleen %7,3k eskatu du posta bidezko botoa, duela lau urtekoaren hirukoitza. Donostian, boto zenbaketa ia amaituta, parte hartzea %54,05 izan da, 2016an baino %8,49 gutxiago. EAJ izan da nagusi, botoen %37,1arekin, 2016an baino hiru puntu gehiagorekin, alegia; 29.314 boto eskuratu ditu. Gipuzkoan hautesleen %54,4k eman du botoa, duela lau urte baino %5 gutxiagok.
EH Bildu izan da bigarren indarra Donostian, bozen %24,5arekin (19.324 boto); PSE-EEk botoen %15,8 eskuratu du (12.483 boto), PP + C’s koalizioak %8,8 (7.000 boto), Elkarrekin Podemosek %8,1 (6.448 boto), Vox alderdi ultraeskuindarrak %2,2 (1.751 boto) eta EQUO Berdeak alderdiak %1,6 (1.276 boto).
Horrela, Eusko Legebiltzarrak honako eserleku banaketa izango luke datu berriekin: EAJk 31 eserleku (+3), EH Bilduk 22 eserleku (+4), PSE-EEk 10 eserleku (+1), Elkarrekin Podemosek 6 eserleku (-5), PP + C’s koalizioak bost eserleku (-4) eta Vox alderdi ultraeskuindarra parlamentuan sartu da eserleku batekin. Hala ere, abstentzioa da hauteskunde hauetako albiste nagusia, azken 30 urteetako parte hartze txikiena izan baita.