Asteazkenean hasiko dituzte Loiolako zeharbidea bulebarrean bihurtzeko lanak
Martxoan hastekoak ziren Loiolako zeharbidea bulebarrean bihurtzeko lanak, baina azkenean, asteazkenean, uztailaren 15ean, hasiko dute obra. Gaur eman dituzte obraren eraginen nondik norakoak Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak eta Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak. Obrak hiru fase izango ditu, eta aurreikuspenak betetzen badira, 2021eko udazkenean amaituko da. Halaber, lanek hainbat eragin izango dituzte zonaren trafikoan.
Parte hartze prozesu baten emaitza da Loiolako zeharbidea berritzeko proiektua, eta zeharbidearekin batera, auzotarrek aparkatzeko duten arazoari aurre egiteko parking bat eraikitzea adostu zuten. Baina arrazoi ekonomikoengatik aparkalekua egitea baztertu zuen udalak. Gaur, Aranak gogora ekarri du autoak aparkatzeko auzotarrek adierazitako kezka, eta jakinarazi du zeharbidearen obrek iraun bitartean, 150 leku jarriko dituztela lanek kaltetutako bizilagunentzat autobiaren azpian dagoen parkingean.
Guztira, 300 leku inguru daudela jakinarazi du zinegotziak, eta horien erdiak, obrek eragindako kaleetan bizi diren auzotarrek aparkatzeko gaituko dituzte; horretarako autoa helbide horretan erroldatuta izatea ezinbestekoa izango da. “Inguruko bizilagunek bereizgarri pertsonalizatua jasoko dute bere etxeetan uztailaren 15etik aurrera, eremu horretan helbideratuta dagoen ibilgailu bakoitzeko matrikularekin, eta abuztuko lehen astetik aurrera hasi ahal izango dira erabiltzen. Une horretan, debekatuta egongo da eremu horretan bizi ez diren ibilgailuak aparkatzea”, adierazi du Aranak. Zinegotziak azaldu duenez, abuztuaren 3an prest egongo dira aparkalekuak. “Oraingoz 150 leku jarriko ditugu, eta gehiago beharko balira, egoera aztertuko dugu”, gaineratu du.
Halaber, garraio publikoari dagokionez, azaldu du lanek irauten duten bitartean autobusen geltokiak mugitzen joango direla, baina nabarmendu du bi errei izango direla zabalik une oro, bat noranzko bakoitzean. “Lanek tamaina handia izan arren, ibilgailuen zirkulazioa bermatuta egongo da beti”, adierazi du.
Hiru fase
Garmendiak azaldutakoaren arabera, obra hiru fasetan egingo dute. Lehen fasea asteazkenean hasiko da, eta zerbitzuak, sareak eta kanalizazioak desbideratzean datza. Fase horretan, zeharbidea gurutzatzen duen oinezkoentzako pasabidea desmuntatuko dute, eta autobusen markesinak, farolak eta beste hiri-elementu batzuk lekuz aldatuko dituzte. Aurreikuspenen arabera, lehen faseak sei asteko iraupena izango du.
Bigarren fasea irailaren hasieran hasiko dutela jakinarazi du Garmendiak. Orduan, zeharbideko bide berriak eta Martutenerako espaloien aldeko urbanizazioa eraikitzen hasiko dira, baita Magdalena Juregiberri, Hariztigaina, Zuzenene eta Roblesko gaina kaleak ere. Gaur egun errepidearen gainetik zeharkatzen duen pasabidearen ordez, igogailu bat eraikiko dute, eta bigarren fasean ezarriko dute hori. Halaber, saneamendu sare berriaren lanak, bide berriak eta espaloiak egingo dituzte. Fase horrek, bost hilabete eta erdiko iraupena izango duela aurreikusi du udalak.
Azkenik, hirugarren fasean hasiko dute zeharbide berriaren “bulebarizazioa”. Fase horretan egingo dituzte Erdialderako bideak, eta kuarteletako biribilgunearen eta Loiolako Erriberako biribilgunearen arteko kaleak berriz urbanizatuko dituzte. Urbanizazioa amaitzeko, espaloiak egin, eta egonlekuak eta hiri-altzari berriak jarriko dituzte. “Fase honek zazpi hilabeteko iraupena izango du, gutxi gorabehera”, jakinarazi du Garmendiak.