Udako azken mobilizazioa egin dute Alderdi Ederreko pentsiodunek
Astelehenetan egin ohi duten bezala, Alderdi Ederreko Pentsiodunen Asanbladak protesta egin du gaur goizean. Hain zuzen, udako azken elkarretaratzea izan dela jakinarazi dute; irailaren 7an berrartuko dituzte udaletxe aurreko asteleheneroko mobilizazioak.
Elkarretaratzea ez ezik, manifestazioa ere egin dute gaur pentsiodunek, elkarren arteko segurtasun distantzia mantenduz, Alderdi Ederretik Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaraino. Han egin dute protestaren amaierako ekitaldia: hasieran, hil berri den asanbladako eta hiriko hainbat mugimendu sozialetako kide baten omenezko isilunea egin dute, eta ondoren, komunikatu bat irakurri dute; amaitzeko, aurresku bat dantzatu dute, Alderdi Ederreko pentsiodunen borroka omentzeko. Oro har, pentsiodunek konfinamendu osteko elkarretaratzeen balorazio positiboa egin dute, eta baieztatu dute irailean “indar berrituekin” itzuliko direla mobilizazioetara.
Hona hemen protestaren amaieran irakurri duten komunikatu osoa:
Oraindik ere hunkituta gaude COVID-19ak eragindako heriotza guztiez, eta, zehazki, adinekoen egoitzetan izandako heriotza ugariez, Gipuzkoaren kasuan, 168. Apirileko lehen bi asteetan Hego Euskal Herrian hildakoen %62 egoitzetan gertatutako egoiliarrenak izan ziren. Azpimarratu behar da egungo ereduaren zailtasunek eragotzi egin dutela COVID-19aren kutsadurari eraginkortasunez aurre egitea, eta ondorioz izandako heriotzei. Izugarri kezkatzen gaituena Foru agintarien utzikeria da, egoiliarren osasuna eta ongizatea bermatzeko nahitaezko ikuskapena eta kontrola egin ez dutelako.
Deigarria zaigu diputatu nagusia, Markel Olano jauna, Gizarte Politikako diputatua den aldetik eta Maite Peña egoitzetan pandemia kudeatzeak izan duen arrakasta azpimarratzen jarraitzea, Gipuzkoako egoitzen adibide eredugarria azpimarratuz, 168 heriotzarekin. Arrakastaz hitz egin beharrean, aitortu egin beharko lukete nola adinekoen egoitzetan eta etxebizitzetan izandako zaintza-politikan 180 graduko bira eman behar luketela.
Gaur, bi hilabete zehazki, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuari eskatu geniola bilera bat egitea lehenengo aldiz, eta duela hilabete egin zitzaion bigarren aldiz eskaera, biak ere egoitzetako covid-19aren pandemiari buruzko informazioa guri emateko, eta baita zaintza-ereduari buruzko eztabaidan eta lan-proposamenetan parte hartzeko gure nahia jorratzeko ere. Ez da politika duina propaganda-ekintza hutsa baizik hedabideetan etengabe agertzen den politika hori, adineko pertsonen ongizatearen alde bi urte borrokan daramatzan kolektibo bati erantzuteko ausardiarik ez edukitzea.
Eta are ezduinagoa Gipuzkoako gizarte-sareko hogei bat profesionalez osatutako talde bat sortu izana, besteak beste, erronka batzuei aurre egiteko, hala nola adinekoen eta mendekoen zaintzari eta nahi ez den bakardadeari, eta talde horretan egoitzetan bizi direnen senideen elkartea eta Alderdi Ederreko pentsiodunen batzarra, eskatu genuen bezala, kontuan hartu ez izana. Beste behin ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika salatu nahi dugu, Gipuzkoako gizarteehunaren zati handi bat gutxietsiz, politika eta politikari zaharkituei buruzkoa, inplikatuen parte-hartzea sustatzearen aurkakoa.