Udalak bi desfibriladore gehiago jarri ditu gune publikoetan
Udalak Donostiako hiri kardiobaskularraren mapa osatu du, geolokalizaziodun bi desfibriladore publiko gehiago jarriz: bata Igeldon eta bestea Artikutzan. Izan ere, 2018an udaleko Osasun Sailak hirian zeuden gailuen, kanpoko desfibriladore automatizatuen kokapenari buruzko azterketa eta analisia egin zuen, eta ondorioztatu zuen komeni zela tresna horien hornidura handitzea udalaren jabetzazko hainbat gunetan.
Enrique Ramos Osasun Publikoko zinegotziak azaldu du Igeldokoa eremu horretako hirugarrena dela, eta Artikutzakoa, aldiz, finkako lehenengoa: “Igeldon bi desfibriladore zeuden, bata jolas parkean eta bestea kanpinean, baina komenigarritzat jo genuen auzoko hirigunetik hurbilago dagoen bat, eta beraz, Igeldoko plazan jarri da. Artikutzaren kasuan, egokitzat jo dugu instalatzea, leku isolatua delako eta bisita asko izaten dituelako”.
Donostiako desfribriladore gehienak kiroldegietan, kultur etxeetan eta merkataritza guneetan daude, eta guztira 150 daude; 1.000 biztanleko 0,77 desfibriladore daude hirian, Espainiako Estatuko estaldura tasaren hirukoitza. Horiei guztiei, Donostian lan egiten duten Osakidetzaren bizi euskarriko unitate mugikorretan nahitaezkoak diren desfibriladoreak batu behar zaizkie.
Geldialdi kardiobaskular baten aurrean, biziraupen tasa onargarria izateko eta konplikazio larririk ez gertatzeko, geldialdia izan eta 3 edo 5 minutura egin behar da deskarga elektrikoa, gehienez. Izan ere, desfibrilazio goiztiarrak % 70 areagotu ditzake bihotz-biriketako geldialdi batean bizirauteko aukerak.