Donostiatruk itzuliko da larunbatean
Alarma egoerarekin bertan behera geratu zen Donostiatruk bigarren eskuko azoka. Larunbatean, hilaren 18an, pandemia osteko lehena egingo da, Easo plazan, 10:00etatik 14:00etara. Beti bezala arropa, jostailuak, liburuak, eta abar saltzeko eta erosteko aukera izango da, baina segurtasun eta osasun neurriak bermatuko dituzte. Horretarako, postu kopura erdira murriztuko dute, eta maskara erabili beharko dute saltzaile zein bezeroek. Era berean, ezingo da ez arropa probatu ez objektuak ukitu, eta erositako produktuak ondo desinfektatu eta berrogeiladian jarri beharko dituzte bezeroek. Izan ere, bigarren eskuko azoka izanik, erabilitako produktuak dira Donostitruken saltzen direnak.
Azokan postu bat izan objektuak saltzeko izena eman behar da Donostiako Udaleko webgunean. Hala ere, antolatzaileek objektuak saltzeko aukera ere badago. Kasu honetan, gehienez bost izan daitezke, eta antolatzaileen postura eraman behar dira 9:30etatik 10:00etara, bakoitzaren prezioa jarrita. Azoka amaitzean, saldu ez diren objektuak eta dirua hartzera itzuli behar da.
Bestalde, erosketa egiten dutenen artean Egiako Km0 jatetxe begano begetarianoan bi lagunentzako otordua zokatuko da.
Alternatibak online
Aurrez aurreko azokaz gain, Donostitrukek badu webgunea, bigarren eskuko produktuak saldu eta erosteko. Objektuak saltzeko, aipatutako loturan iragarki bat jarri behar da. Bestalde, behar ez ditugun objektuak oparitzeko webgune bat ere badago, azken hau, Espainia mailakoa.