Gobernu Zibilaren eraikina eta ingurua eraldatzeko proposamena aurkeztu dute
EHUko Arkitektura eskolako 5. mailako ikasleek inkesta bat egin zieten apirilean Amara Berriko bizilagunei, eta hiritarren nahiak entzunda Gobernu Zibilaren eraikina eta ingurua eraldatzeko lau proposamen egin dituzte. Egitasmo honekin Gobernu Zibila Kultur Etxea taldeari etorkizunerako proiektu sendo bat egiten lagundu diete ikasleek, eta helburua erabilerarik ez duen eraikin publiko hau auzoen beharretara egokitzea da, baita Pio XII plaza eta inguruko trafikoa jaistea eta segurtasuna handitzea ere.
Nahiz eta izatez lau proposamenak ezberdinak izan, Gobernu Zibilaren eraikina kultur etxe bilakatzea dute ardatz lau proiektuek. Gobernu Zibilaren eraikina kultur etxea baina zerbait gehiago izatea proposatzen dute, kirol instalakuntzak, bilera gelak, erakusgela, liburutegia eta bestelako zerbitzuak emango lituzkeen espazioa eskainiz. Bestalde, eraikinak inguruan dituen lursailak bestelako jardueretarako erabilgarriak direla azpimarratu dute, lursail guztiaren potentziala ahalik eta gehien aprobetxatuz auzoari behar duen zerbitzua eskaintzeko.
Salaberria kalea oinezkoentzat bihurtzea ere proposatzen dute, inguruko trafikoa gutxitzeko eta auzoari beste espazio aprobetxagarri bat eskaintzeko. Proiektuak egiteaz gain, eraldaketa hauek probatzeko ekintza parte-hartzailea egitea da haien helburua, proposamenak barnebiltzen dituen eraldaketak guztiz egikaritu aurretik proba daitezen.