Ikus-entzunezko eta arte eszenikoko proiektuak garatzeko diru laguntza deialdiak ireki dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak deialdi bat ireki du Gipuzkoan egiten diren arte eszenikoko eta ikus-entzuneko proiektuak diruz laguntzeko. Lanabesa programaren baitan, guztira 180.000 euro bideratuko ditu aldundiak arte eszenikoei lotutako proiektuetara eta 150.000 ikus-entzunezkoetara. Era berean, antzerki sarea laguntzeko 200.000 euro ere jasotzen ditu programak. Diru laguntza guztietara eskaerak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 30era bitartean.
Ikus-entzunezko proiektuei dagokienez, gune publikoetan proiektatzeko eta 60 minutu gorakoak izan beharko dira. Proiektuaren kalitatea ere kontuan hartuko da, baita bere interes artistikoa eta Gipuzkoako ikus-entzunezko produkzioan izan dezakeen garrantzia ere. Bestalde, lengoaia berritzaileak ere aintzat hartuko dira, baita Gipuzkoan grabatutakoa izatea, herrialdeko taldea edukitzea, filmaren bertsio originala euskaraz izatea, eta emakumeen parte hartzea taldeetan.
Arte eszenikoei lotutako diru laguntzei dagokienez, antzerki zein dantza taldeei zuzendutakoak izango dira eta konpainiak ekoitzitako ikuskizunak aurkeztu ahal izango dira soilik, betiere urte naturalean egiten bada (urtarriletik abendura). Entitateak komunikazioa zein publizitatea gutxienez euskaraz egin behar du, eta 2021eko martxoaren 1erako memoria, balantze ekonomikoa, eta gastu eta inbertsioei buruzko informazioa aurkeztu beharko dute.
Antzerki sareei dagokienez, Gipuzkoako antzokietan programazioa egiten duten udal, udal organismo eta irabazi gabeko entitateei daude zuzenduak. Bestalde, kultura arloko autonomoentzat diru laguntza ere zabalik dago oraindik.
Diru laguntzen inguruko informazio guztia aldundiaren webgunean kontsultatu daiteke.