Aurten, ohiko lasterketarekin batera, Behobia birtuala egingo da lehenengoz
Behobia-Donostia lasterketa egiteko segurtasun protokolo batean ari da lanean Fortuna Kirol Elkartea. Baina aurtengo edizioan, ohiko lasterketan korrika zein patinetan irteteaz gain, Behobia-Donostian parte hartzeko beste aukera bat ere izango da: Behobia-Donostia birtuala.
Fortunak azaldu duenez, egitasmo honen helburua da azaroaren 2tik 8ra 20 kilometroak osatzea. Kasu honetan, aipatutako distantzia ez da saio bakar batean egin behar, ezta Behobia eta Donostia bitarteko bidean ere; norberak erabakitzen du zenbat saiotan egin nahi dituen, eta non. Informazioa norberak bere mugikorrean jaisten duen aplikazio batek jasoko du geolokalizazio bitartez.
Egitasmoan izena emateko epea bihar, hilaren 16an, zabalduko da, eta lotura honetan egin ahal izango da. Lasterketa birtualak 15 euroko kostua du, eta dominaz gain, barne hartzen ditu 2021ko aurrez aurreko lasterketarako deskontua, aplikazio bitartezko entrenamendu zerbitzu pertsonalizatua eta zozketetan parte hartzeko aukera. Parte hartzeko plazak mugatuak dira, zehazki, 5.000 parte hartzailetara.