Bost ibilaldi, Donostiako memoria historikoa aldarrikatzeko
Miguel Usabiaga idazleak Donostia rebelde liburua aurkeztu berri du, eta XX. mendearen lehenengo erdialdeko gertakari erreboltarien inguruko informazioa emateaz gain, bost ibilaldi garatu ditu, hiriko memoria historikoa ezagutzeko eta aldarrikatzeko. Ibilaldi horiek planoetan markatuta daude liburuan, eta Usabiaga ofizioz arkitektoa denez, berak egin ditu planoak.
Horietaz gain, hiritik kanpora doazen bi txango ere sartu ditu Usabiagak liburuan, Donostian gerra garaian gertatutakoa hobeto ulertzeko eta osatzeko balio dutenak: bata Bidasoa ibai aldera doa eta bestea kostaldera. Lehenengoak Irungo batailan gertaturikoa jorratzen du bereziki, eta Bidasoa inguruan oraindik gelditzen diren garita batzuetatik pasatzen da; faxistek erabiltzen zituzten garita horiek, ingurua kontrolpean izateko. Bigarrenak, aldiz, Saturrarango emakumeen kartzela igarotzen du besteak beste, han gertatutako gauza ilunen berri izateko.
Donostiako lehenengo ibilbidea errepublika garaian Pasaiatik hirira etorri ziren marinelen manifestazioa oroitzen du. Izan ere, hilabeteko grebaren ondoren, euren aldarrikapenak Gobernu Zibilera eramatera zihoazen marinelak, eta Ategorrietako erlojura iristean, istiluak izan zituzten Guardia Zibilarekin. Azkenean, zortzi hildako izan ziren.
Bigarren ibilbidea Erdialdean kokatzen da, eta Ramon Maria Lili pasealekuko Urumea frontoi zaharra eta Maria Cristina hotela nabarmentzen ditu, besteak beste. Izan ere, lehenengoan indar errepublikanoen ekitaldi politiko ugari egiten ziren 1930eko hamarkadan, eta bigarrenean faxistak sartuta egon ziren altxamenduan, herritarrek setiatzen zituzten bitartean.
Hirugarren ibilbideak Parte Zaharra du ardatz, eta besteak beste, Portu kalea, Abuztuaren 31 kalea eta garaiko Club Nauticoa gogoratzen ditu. Izan ere, Portu kalean zintzilikatu zen Donostiako lehenengo bandera gorria XX. mende hasieran, Abuztuaren 31 kalean zegoen UGT sindikatuaren egoitza, eta Club Nauticoan, Maria Cristina hotelean gertatu zen moduan, herritarrek faxistak setiatu zituzten.
Laugarren ibilbidea Amara auzoaren eta Erdialdearen artean kokatzen da, eta beste gertakari batzuen artean, Larramendi kaleko eta inguruko barrikadak gogoratzen ditu. Han, herritarrek aurre egin zieten faxistei, altxamenduaren lehenengo egunetan.
Azken ibilbidea, aldiz, Antigua aldera doa, eta inguru horretan izandako gertakari interesgarri batzuk nabarmentzen ditu.