Donostiarrako neska-mutilak bigarren eta Arraun Lagunak hirugarren Gipuzkoako txapelketan
Gaur arratsaldean Gipuzkoako Traineru Txapelketa egin da Orion. Emakumeen estropada Oriok irabazi du eta Donostiarra bigarren sailkatu da, bederatzi segundora. Etxeko trainerua hasiera-hasieratik izan da nagusi. Hirugarren sailkatu da Arraun Lagunak, eta laugarren Hondarribia. Hala ere, sailkapeneko hirugarren postua lortzeko Tolosako traineruarekin borrokatu behar izan dute. Azkenean, Arraun Lagunak aurretik geratu da 86 ehunenekoengatik.
Gizonezkoetan, aldiz, Hondarribia izan da garaile. Donostiarra bigarren geratu da, sei segundora. Estropada atzetik hasi du Torrekua II.a traineruak, baina ziaboga ostean Orio aurreratzea lortu du. Azkenik, helmugan bigarren izan da Donostiarra. Aipaturiko hiru traineruak, Zarautzekin batera, Euskadiko txapelketan ariko dira uztailaren 31n, Lekeition.