Kaiko Karmengo jaiak bertan behera uztea erabaki du jai batzordeak
Jakina zen COVID-19aren ondorioz ezinezkoa izango zela festak normaltasunez egitea, baina beti ere segurtasun neurriak bermatuz, egitaraua murriztu, eta hainbat jarduera egitea aurreikusten zuten kaiko Karmengo festetako jai batzordeko kideek. Orain, baina, “datak gerturatu ahala eta egoera ikusirik”, erabaki arduratsuena jaiak bertan behera uztea dela jakinarazi dute ohar batean. “Ez da erabaki erraza izan. Izugarrizko pena ematen digu, baina batzuetan erabaki zailak hartu behar izaten dira”, adierazi dute Parte Zaharrekoek.
Zabaldu duten oharrerekin batera, prestatutako egitarau murriztuaren kartela ere argitaratu dute, eta horretan, jaiak segurtasunez ospatzeko neurriak zeuden zehaztuta. Jaiek bihar hasi behar zuten, ostegunean, hilaren 16an, eta aurreikusita zeukaten lehen jarduera zen “girotutako elkarretaratze bat” Alderdi Ederren; ondoren, afaria egin behar zuten.
Ostiralean, hilaren 17an, urteroko bisita egin behar zieten auzoko aitona-amonei, baina aurtengoak, kartelean zehaztu bezala, “urruneko bisita” izan behar zuen, segurtasun distantziak mantentzeko. Ondoren, mus txapelketa egin behar zuten Arrano Elkartean.
Larunbatean, gosari eta bazkari herrikoiak egin behar zituzten, “norbere etxean edo elkartean”, eta ondoren, haur jolasak zituzten antolatuta. Txokolate jana ere egin behar zuten Kresalan, eta mojito edana Arranon. 23:00etarako zuten aurreikusita jaien amaierako traka.
Jai batzordekoek udalaren jarrera salatu dute, “laguntza eta babesa” behar zutenean, “oztopoak, desinformazioa eta harrokeria hutsa” jaso dituztela argudiatuz. “Tokiz kanpo zeuden hitzak esan dizkigute eta hitz egiteko modua sarritan ez da egokia izan”, gaineratu dute.
Halaber, laguntza eskaini, kezka adierazi eta ideia berriak pentsatu dituztenei eskerrak eman dizkiete, “bihotz-bihotzez”. Azkenik, datorren urtera begira amaitu dute oharra: “Espero dugu datorren urtean egoera hobea izatea eta jaiak berriz eta betiko tokian ospatu ahal izatea. Beraz, gorde indarrak eta animo guztioi!”.