Miguel Usabiagak Donostiako gertakari erreboltarien inguruko liburu bat argitaratu du
Miguel Usabiaga idazleak (Hernani, 1961) Donostia rebelde liburua argitaratu du, XX. mendearen lehenengo erdialdean Donostian izandako mugimendu eta gertakari erreboltariak oroitzeko eta aldarrikatzeko helburuarekin. Rara Avis Nazioarteko Entsegu Saria irabazi du liburuak, eta entsegu bat bada ere, Donostiako memoria historikoaren gida moduan ere irakurri daiteke. Izan ere, bost ibilbide proposatzen ditu hirian barrena, garai hartan Donostian izandako gertakari eta pertsona esanguratsuenen inguruan gehiago jakiteko.
36ko gerra da liburuaren ardatz nagusia, baina Espainiako Bigarren Errepublika garaiko, Primo de Riveraren diktaduraren garaiko eta gerraosteko urteetako gertakariak ere azaltzen dira liburuan, horietan parte hartu zuten donostiarren izen-abizenekin.
Autorea Marcelo Usabiaga militante komunista ezagunaren semea da, eta aitarengandik datorkio memoria historikoa defendatzeko eta balio erreboltari eta iraultzaileen alde egiteko grina. IRUTXULOKO HITZA-k Miguel Usabiaga elkarrizketatu du, liburuari buruz, memoria historikoari buruz eta bere aitaren figurari buruz hitz egiteko, besteak beste. Elkarrizketa ostiraleko astekarian irakurri ahal izango da osorik.