San Martin kalea itxi eta Easo kalea zabaldu dute
Iritsi da eguna. Gaur goizaldean San Martin kalea itxi dute, zehazki, Urbieta eta Hondarribia kale bitarteko zatia, metroaren lanak direla eta. Itxierak nabarmen eragingo du hiriko zirkulazioan, bai garraio publikoen, baita taxi eta ibilgailu pribatuen zirkulazioan ere. San Martingo trafikoa desbideratuko dute, eta bide nagusia Easo kalea izango da. Izan ere, ia bi urtez itxita egon ostean gaur goizean zabaldu dute San Martin eta Zubieta bitarteko zatia.
Lasaitasuna nagusi
Nahiz eta Mugikortasun agenteen presentzia handia izan Donostiako erdialdean, trafikoaren jarioa lasaia zen goizeko 11:30ean. Antiguatik datozen autoek bi aukera dituzte orain San Martin kalean sartzean: Easo kaletik Askatasunaren hiribidera joatea edo Urbieta kaletik Amarara joatea.
Gaur ireki duten Easo kalean Mugikortasuneko bi agente zeuden autoak, furgonetak eta autobusak bideratzen, baita Askatasunaren hiribidean ere.