Segurtasun neurriak bermatzeko aukera ematen duten jarduerak soilik egingo dituzte Groseko Zipotz jaietan
Zipotz jaietarako prestatu duen egitarauaren berri eman du Groseko jai batzordeak. COVID-19a dela eta, bilera ugari egin dituztela azaldu dute Grosekoek, eta zabaldutako ohar batean esandakoaren arabera, “zaila” izan da beraientzat jaiak nola ospatu erabakitzea, “egunetik egunera aldatzen joan delako”. Azkenik, pentsatuta zituzten zenbait jarduera bertan behera uztea erabaki dute, eta “pandemian eraginik edukiko ez duten ekintzak” mantenduko dituzte, hau da, inolako pilaketarik eragingo ez dutenak.
Oharrean adierazi dutenez, zalantza ugari izan dituzte azken hilabeteetan, baina horren aurrean, baieztatu dute bi gauza argi izan dituztela: “Batetik, jaiak era batera edo bestera ospatuko genituela, izan era sinbolikoan, izan egitarau osatuago batekin. Bestetik, arduratsu jokatuko genuela, egoerak eskatzen dituen osasun neurriak gure gain hartuz, eta auzoarentzat eredugarri izanda”. Horrela, nabarmendu dute jaiak birpentsatzeko prozesuan auzokideek izan duten papera: “Bueltaka eta bueltaka aritu gara jaiak ospatzeko modu berriak pentsatzen, eta horretarako denon ekina izan da garrantzitsua: jai batzordeko parte hartzaileena, saltoki eta ostalariena, auzoko hainbat eragilerena, eta abarrena”.
Era berean, Groseko jai batzordea, kaiko Karmengo jaietakoa bezalaxe, kritiko agertu da Donostiako Udalarekin. Honela azaldu dute oharrean udalarekin azken asteetan izandako harremana: “Hasieratik oztopoak jarri dizkigute: ez zuten gurekin behar bezala partekatu egoera zein zen. Gu beti laguntzeko prest agertu ginen, haiek, ordea, ez zuten erantzunik eman auzoetako jai guztiak bertan behera geratuko zirela posta elektroniko baten bidez jakinarazi ziguten arte. Hori gutxi balitz, eurak antolatutako ekimen guztiek aurrera egin dute, gogoratu besterik ez dugu San Juan bezperan euren sua izan zela baimenduta piztu zen bakarra. Hori ikusita, guk ere arduraz jokatuta eta egoerara egokituta, zerbait antola genezakeela adierazi genien, auzotarrentzat jaien arima sentitzea inoiz baina garrantzizkoagoa zela ikusten baikenuen. Ondorioz, udal ordezkariekin bildu ginen. Hainbat aukera aztertu genituen, baina esan beharra dugu ez dugula benetako elkarlanerako borondaterik ikusi; azken unera arte plazaren bat erabil genezakeen ere ez baitigute erantzun”.
Kritikatu dutenez, udalak ez die herritarrei eman antolatzeko eta arduradun jokatzeko aukerarik: “Argi utzi dute eurentzat kalea norena den”, gaineratu dute. Alabaina, jaien alde apustua egiteko gogo irmoa erakutsi du jai batzordeak, eta baieztatu dute “jaiak auzotik auzoarentzat eta elkar zainduz” egin ditzaketela erakutsi dutela. “Noski, ez da kasualitatea, 30 urtez, belaunaldiz belaunaldi jaiak antolatzen ikasi dugu, eta datorren egoerara arduraz eta konpromisoz egokitu gaitezkeela erakutsi dugu”, gehitu dute oharrean.
Egitarau xumea
Zipotz jaiek 30 urte bete dituzten honetan, beraz, auzotarrek “jai xume eta sinbolikoak” izango dituzte, COVID-19aren aurrean segurtasuna mantentzeko. Festak ostegunean, uztailaren 16an, hasiko dituzte, eta hilaren 19an amaituko dira. Hona hemen egitarau osoa: