Urgulleko ondare naturala eta historikoa ezagutzeko mapa eta aplikazioa sortu dituzte
San Telmo Museoak, Cristina Enea Fundazioaren laguntzarekin, eta bi enpresekin elkarlanean, Urgull mendiko ondare naturala eta historikoa ezagutzeko bi euskarri sortu ditu. Batetik, mapa bat, gaurdaino iritsitako bide eta gotorlekuekin ibilbide bat proposatzen duena. Bestetik, aplikazio bat, espezieen, begiratokien eta museoaren bildumako hainbat argazkiren inguruko azalpenekin, zehazki, 22rekin. Aipatzekoa da museoko bildumak 140.000 argazki eta dokumentu baino gehiago dituela, eta San Telmo museotik azpimarratu dutenez, “hiriko eta lurraldeko zaharrenetako eta garrantzitsuenetako bat da, bai prozesu teknikoen aniztasunagatik bai eduki historikoagatik”.
Mapak proposatutako ibilbidea San Telmo museotik abiatzen da. Mapa han eskuratu daiteke. Era berean, Urgull izeneko aplikazioa doan jaitsi daiteke Android zein IOS mugikor eta tabletetan, eta konexiorik ez dagoenean ere dabil.