Anoetari agur esango dio gaur David Zurutuzak
David Zurutuzak futbola utziko du igandean, denboraldiko azken partida ostean. Anoetari, aldiz, gaur esango dio agur, Sevillaren aurka. Agur gazi-gozoa Realeko bigarren kapitainarentzat. Zaleen hotsak eta merezitako txaloak entzuteko aukerarik ez du izango. Anoeta daradararaziko duen azkeneko ‘Zuru, zuru!’-rik ez da egongo, zalerik gabeko zelai hutsean.
11 denboraldiz aritu da Realean Zurutuza, eta 303 partida jokatu ditu. 2009-2010 denboraldian Reala bigarren mailatik lehenengo mailara eraman zuen taldeko jokalaria izan zen. Are gehiago, jokalari haietatik Realean geratzen zen bakarra zen Rochefortekoa. Azkeneko denboraldian, aldiz, lesioak direla eta, 155 minutu besterik ez ditu izan zelaian. Eta lesio horiek atzera utzi baditu ere, sorpresa ezean, ordezko izango da gaurko partidan ere, eta aulkitik bizi beharko du norgehiagoka.
Sevillaren aurka ez bada, igandean izango du bere azkeneko partida jokatzeko aukera, Athletico de Madriden aurka, 34 urte betetzen dituen egunean.