Kartoizko egitura duen surf oholak irabazi du Surf Oholen Berrikuntza txapelketaren hirugarren edizioa
Donostia Sustapenak Surf Oholen Berrikuntzako aurtengo edizioko irabazle eta finalistak iragarri ditu. 22 proiektu aurkeztu dira aurtengo edizioan, eta egituran kartoizko sarea duen taula izan da garailea, Eko-zaintzaileak proiektukoa. Epaimahailak azpimarratu du “ideia berritzailea surf oholera guztiz bideratutako proiektua” dela, eta “oholaren ezaugarri mekanikoak izanda, jasangarritasun irizpideak” kontuan izan dituztela. Bestalde, “bisualki produktu erakargarria dela”, gehitu dute.
Irabazle taldea Mondragon Unibertsitateko Olatz Ruiz de Galarreta, Andrea Romero, Enire Beain eta Ander Zubelzu ikasleek, eta Angel Gallo irakasleak osatzen dute. 1.000 euroko ordainsaria jasoko dute, eta Donostiako surf klusterrarekin enpresa bidaia egiteko aukera izango dute, irabazle diploma jasotzeaz gain.
Hautatutako beste bi proiektu finalistak EHUko ikasle talde batek eta MUko beste talde batek egin dituzte, eta 1.000euroko ordainsaria eta diploma ere jasoko dituzte. Lehenengoek, material berriztagarriz egindako ohola sortu dute, zehazki, paperez egindakoa. Kasu horretan, fabrikazio prozesuan karbono dioxido gutxi igortzeaz gain, oholak egiten dituzten langileen osasunerako arriskuak murrizten dira. MUkoek, aldiz, oholak modu autonomo eta automatizatuan alokatzeko sistema bat sortu dute.