Medialab zerbitzua aurkeztu du Tabakalerak
Bosgarren urteurrenean, Tabakalerak Medialab aurkeztu du. Ubik sorkuntza liburutegia eta Hirikilabs teknologia eta kultura digitaleko laborategia biltzen dituen proiektu, espazio eta zerbitzu berritua da. Udan hainbat jarduera egingo dituzte, eta irailetik aurrera ere.
Hainbat urtez bi proiektu bereizi gisa aritu ondoren, ahaleginak, ezagutza, ikaskuntza eta bitartekoak batu dituzte herritarren erabilerarako zerbitzu bateratu bat eskaintzeko. Tabakalerako eremurik handiena da, eta liburutegi-laborategi kontzeptu eboluzionatu gisara aurkeztu dute: jakintza eta ezagutza desberdinek bat egiten duten eta elkarlanean egiten den sorkuntza sustatzen duen leku bat. Espazioak eta zerbitzuak berrantolatzetik sortutako hobekuntzak proposatzeaz harago, ekintza-ildo berriak garatzea ahalbidetuko du.
Medialabek bultzatutako proiektuek komunean izango duten metodologia jakintza desberdinetatik eta osagai sortzailearekin lankidetzan aritzea izango da, garrantzi soziala duten gaiak lantzeko: dela gizarteratze-proiektuak sortzaileekin garatzeko, dela proiektu artistikoak garatzeko zientzia-teknologia-gizartea elkargunean.
Ekintza-ildoez gain, espazioa ere egokitu da: kokapen desberdinak izan dituzten bi proiektuek Tabakalerako bigarren solairuan bat egindako espazioan proiektu komun bihurtu dira, horietako bakoitzaren beharrezko garapen partikularra behar duena izango bada ere. Pertsonak, profesionalak, programak, zerbitzuak, espazioak, tresnak eta ezagutza elkartzeak hobetzeko aukera berriak planteatzen ditu.
Medialab zerbitzu berriak herritarren alde eta herritarrentzat lan egiten jarraituko du, adina, gizarte-egoera eta espezializazio- edo ezagutza-maila bereizi gabe; herritarra ahalduntzera bideratutako zerbitzua da, sortu, esperimentatu, ikasi eta gozatu ahal izateko. Eta, era berean, tokiko komunitateak eta sareak sustatzen eta elikatzen dituen zerbitzua da, sorkuntzaren bidez gizartea eraldatzeko funtsezko elementu gisa.